Anari Alberdi: "Min egiten dit talde berriak ingelesez aritzen direla ikusteak"

Maxixatzen.eus 2016ko mai. 23a, 17:06
Argazkia: Beris.

Ia hogei urte eman ditu Anarik oholtza gainean, izen horrekin sinatutako lehen diskoa 1997an argitaratu baitzuen. Tarte horretan bera eta bere sorkuntza asko aldatu direla aitortu du. Etengabe aldatzen ari den mundu honetan atzean geratu ez denaren seinale. 

 

Jalgika.eus atarian elkarrizketatu dute musikari azkoitiarra: 

Ia hogei urte beteko dira lehen diskoa argitaratu zenuenetik, nola aldatu da zure sorkuntza? Nola ikusten duzu egindako bidea?

Niretzat asko aldatu da, baina kanpotik ikusita, besteek ez dakit gauza bera esango luketen. Hogei urteotan zenbat aldatu zaren zuk soilik dakizu, baina kanpokoek, agian ez dute hainbesteko aldaketa nabarituko. Norberak bere aldaketaren gainean daukan sentsazioa askoz indartsuagoa dela iruditzen zait. Ni neu asko aldatu naiz eta, gainera, saiatu naiz aldatzen. Bide bat egiten saiatu naiz, leku desberdinetara jotzen, eta disko bakoitzarekin bide horretan pausu bat aurrera eman dut. Nire lehen diskoa oso biluzia da, eta, orduan bezala, orain ere bakarrik jotzen dut askotan. Baina ez da gauza bera orain dela 20 urteko disko horretako Anari edota aurreko astean Ermuan bakarrik gitarrarekin aritu zena. Beraz, erantzuna da bai, aldatu da.

Aurrekari Penalak disko berria aurkezten zabiltza. Nahi duzun leku horretatik gertuago sentitzen zarela adierazi duzu horren harira.

Zenbait kantutan sentitu dut. Nik neure burua entzunda, inguruan ikusten ditudan gauzak… Batzuetan, ez zara heltzen zuk nahi duzun leku horretara. Izan daiteke melodiagatik ala hitzengatik, edo bien nahasketagatik, interpretazioagatik, taldeagatik… gauza asko daude tartean. Batzuetan, zerbait esan egin nahi duzu, baina ez zara heltzen. Eta alde horretatik, gustura geratu naiz disko honetako zenbait kantarekin, nire helmuga zen leku horretara gerturatu naizelako.

Emakume sortzaileek emakumeentzat soilik sortzen duzuela esaten duen topikoa apurtze aldera, zure sorkuntzak generoaren muga hausten duela uste duzu?

Ez dakit gizonek idazten dituzten kantak gizonentzat soilik idazten dituzten edo, aldiz, denentzat diren. Topikoa da esatea gizonek idazten dutena unibertsala dela, hau da, denena dela, eta emakumeek egiten duguna soilik emakumeentzat dela. Larriena zera da, emakumeok, neurri batean, sinetsi dugula hori eta, gainera, topiko horren arabera, emakumearenak gutxiago balio duela. Oso gai potoloa da, eta, egia esan, niri ere kostatu zait horretaz jabetzea.

Baina, bai, ematen du gizonena unibertsala dela eta emakumeena emakumeentzat, eta gauza sotil horien kontra indarra egin beharra dago. Zein da gai femeninoa? Abeslari femeninoak garela esaten digute guri, eta zergatik ez diote Berri Txarrak taldeko Gorka Urbizuri esaten  abeslari maskulinoa dela? Ez, Gorka abeslari neutroa da eta ni abeslari emakumezkoa naiz. Hori dena gizonen asmakuntza bat da, eta hori deseraikitzen lan handia egin behar dugu. Niri galdetu didazun bezala, hurrengoan, gizon bati galdetu behar diozu ea bere sorkuntza maskulinoa den.

Jarraitu hemen elkarrizketa irakurtzen. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide