Sahararrei lagunduko diete Azkoitiko bi ikaslek

Maxixatzen.eus 2016ko mai. 10a, 12:21
Argazkian, Eneritz Egizabal eta Ane Arrizabalaga.

Errefuxiatuen kanpamenduetan bizi diren sahararrei laguntzeko Ereiten proiektua dute esku artean EHUko 43 ikaslek, eta, tartean, Azkoitiko bi daude: Eneritz Egizabal, Psikologiako ikaslea eta Ane Arrizabalaga, Gizarte Hezkuntzako ikaslea. Abuztu amaieran hara joango dira, uholdeek utzitako kalteak ahal den neurrian konpontzera eta hango familien, eta, bereziki, haurren irribarreak ereitera.

 

Maiatzaren 14an eta 21ean, bi zapatu goizetan 11:00etatik 13:30era, eliz atarian mahai bat ipiniko dute, Ereiteneko hainbat produktu saltzeko eta kontzientziazioa lantzeko. Bildutako dirua euren bidaia finantzatzeko eta hango familiei emateko erabiliko dute. Arrizabalagak azaldu du hango familiak 200 eurorekin urte osorako janaria lortzeko gai direla.

Horrez gain, herriko eskoletako ikasleei hitzaldiak eman eta Saharako argazkiak eta bideoak erakutsi dizkiete; material bilketa ere egin dute. 

Unibertsitatean ikaskide saharar bat dute, eta bere bidez koordinatuko dute laguntza. Proiektu hori duela lau urte sortu zen, eta euren ikaskideek gomendatuta animatu dira aurten parte hartzera: "Sekulako esperientzia dela esan digute, baina aldi berean gogorra. Gainera, hiru astean oso harreman estua sortzen omen da euskaldunon eta sahararren artean", dio Egizabalek.

Arrizabalagak azaldu du hiru astez egongo direla Saharan, ahal duten guztian laguntzeko: "Hiru astean ezin da gauza askorik egin, baina guk beraien hezkuntzan esku hartu nahi dugu, ahal duguna irakatsiz eta gure laguntasuna eskainiz. Guztiok lanerako gogoz gaude, laguntza premia handia baitago han".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide