Luis Maria Arregi: "Hainbat herrialdetako kultura ikasi dut bildumako irudiei esker"

Maxixatzen.eus 2016ko api. 26a, 11:04
Argazkian, Luis Maria Arregi Mengual.

Luis Maria Arregi Mengual (Azkoitia, 1957) bildumagileak urteak daramatza etxean pilatzen txanponak, billeteak, berunezko soldadutxoak eta seiluak. Hona hemen Maxixatzenek egindako elkarrizketa:

 

Zeren bildumak dituzu?
126 herrialdetako 1.121 txanpon eta 576 billete ditut. Horrez gain, berunezko 1.300 soldatutxo eta oraindik kontatu ez dudan seilu mordo bat ditut gordeak, besteak beste. Hori bai, den-denak ezberdinak dira; baten bat berdina bada, beste bildumazale bati ematen diot edo aldatu egiten ditugu, lehen kromoak bezala.

Zein herrialdetakoak dituzu txanpon eta billete gehienak?
Europakoak ditut gehienak: txanponak 503 eta billeteak 167. Hala ere, kontinente guztietakoak dauzkat, asko ezagunek ekarritakoak. Izan ere, haiek kanpora joan aurretik galdetu egiten didate hangorik behar al dudan. Orduan, bilduman begiratzen dut, eta herrialde horretakorik ez baldin badaukat, ekartzeko esaten diet.

Eta kanpotik ekarritakoan, gero, balioa eurotan itzultzen al diezu?
Askotan bai. Beste batzuetan, berriz, zenbait herrialdetakoak oso balio txikikoak direnez, kafe edo txikito batera gonbidatzen ditut trukean.

Nolatan hasi zinen diruaren bilduma osatzen?

Nire adin bereko koinatua gaztetan Perura joaten zen sarritan, Incako bidea egitera, besteak beste. Orduan, hango dirua gordetzen hasi zen, eta hura hil zenean, duela 10 urte, nik haren bilduma osatzen jarraitzea erabaki nuen.

Noiz arte jarraituko duzu bilduma osatzen?
Nik hil arte jarraituko dut bilduma egiten, kar-kar-kar.

Bidaiatzea gustuko al duzu?
Ez pentsa, baina asko gustatzen zait herrialdeez gauzak jakitea; hainbat herrialdetako kultura ikasi dut bildumako irudiei esker. Erakargarria da seiluekin eta diruarekin beste herrialdeetako gauzak ezagutzea: agintariak, gastronomia, kirola, paisaia, animaliak… Ondoren, gainera, Interneten begiratzen dut kuriositatez, herrialde bati buruzko informazio gehiago jakiteko.

Zein da zuretzat guztietan bereziena?
Bi ditut kuttunak. Batetik, San Pedro y Miguelón Kanadako uhartedi bateko dirua, hango banderan ikurrina ageri delako. Izan ere, lehen, Euskal Herritik arrantzale asko joaten ziren hara baleak arrantzatzera, eta handik ekarri zidan billete hori Luis Iriondo azkoitiarrak. Bestetik, “cinco millones de intis” jartzen duen billetea, koinatuak Perutik ekarritakoa delako, nahiz eta gaur egun ez izan baliorik [barrez].

Hiru bilduma dituzula aipatu duzu; horietatik zein duzu kuttunena?
Seiluena. Duela 10 urte baino gehiago hasi nintzen horrekin, eta ni jaio nintzen urtetik –1957tik– aurrerako Espainiako guztiak ditut. Orduan asko erabiltzen ziren eskutitzak, eta jendeari eskatzen nizkion. Etxean ur epeletan jartzen ditut gutun-azala eta seilua, eta modu horretan seilua poliki-poliki askatzen da, eta lehortzen denean bilduman sartzen dut.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide