Jon Garate: «Gaur egun zaila da jendeak postalak idaztea Whatsappa hain modan egonda, baina niretzat beste xarma bat du postala bidaltzeak»

Maxixatzen.eus 2016ko api. 12a, 10:46
Argazkian, Jon Garate Larrañaga bere bildumak erakusten.

Urteetan egindako postalen, baketen eta kamiseten bildumak ditu Jon Garate Larrañagak (Azkoitia, 1979). Hona hemen Maxixatzen aldizkarirako egindako elkarrizketa:

 

Zeren bilduma daukazu? 
Postalena, musika taldeen bateria jotzeko baketena eta kamisetena.


Zergatik hasi zinen postalak eta makilak gordetzen?
Izeba batek bere seiluen bilduma eman zidan, eta harekin segitzeko gogoa jarri zitzaidan. Oporretara zihoazenei postala bidaltzeko eskatzen nien, eta behin pentsatu nuen hobe zela seiluen partez postalak gordetzea, postalek zerbait kontatzen dutelako.
Makilak gordetzen, berriz, Etsaiak taldearekin ibiltzen nintzenean hasi nintzen. Ia astero kontzertu bat izaten genuen beste talde batekin batera, eta hainbat bateri jotzaileri makilak eskatzen hasi nintzen.


Zenbat dituzu denera?
Postalak 815 dauzkat, denak seiluarekin eta posta markarekin, erositakoak ez baitu balio. Denak albumetan ordenatuta dauzkat: bakoitzak zenbaki bat du, eta zehaztuta dago nongoa eta nork bidalitakoa den.
Makilak, berriz, bi koadrotan dauzkat: batean 13 eta bestean 24. Denak musika talde nahiko «potenteenak» dira.


Noiz arte jarraituko duzu bilduma horiekin?
Postalekin ahal dudan arte jarraituko dut. Hala ere, gaur egun zaila da jendeak postalak idaztea Whatsappa hain modan egonda, baina niretzat beste xarma bat du postala bidaltzeak. Ea orain Maxixatzenen azalduta jende gehiago animatzen den niri postalak bidaltzera. Norbaitek nire bilduman parte hartu nahi badu, lasai idatz diezadala nahi duen lekutik. Honako hau da nire helbidea: Jon Garate, Aizkibel kalea 4-1, 20720 Azkoitia.
Bestalde, Etsaiak gelditu zenetik zailagoa egiten ari zait makilekin jarraitzea, orain ez bainaiz horrenbeste joaten kontzertuetara. Azkenekoa Esne Beltzak Azkoitiko plazan jo zuenekoa daukat.


Zuretzat zer esan nahi du postal bakoitzak?
Niretzat opari bat da bakoitza. Bidali didana oporretan dagoen bitartean nirekin gogoratu den seinale da, eta eskertzekoa da hori.


Nongo postalak dituzu gehienak? Kontinente guztietakoak al dituzu?
Benidormekoak ditudala esango nuke. Badakizu, jubilatuak zaleak izaten dira Benidormera joaten, eta, orain daukadan lanarekin, haiekin dut erlazio handienetakoa. Hangoez gain, Gandia aldekoak ere dezente ditut. Bestalde, Antartikakoa izan ezik, beste kontinente guztietakoak ditut; eta ez dakit nik han Correos-ik egongo den ere…


Ba al duzu zuretzat berezia den postalik? Eta makilarik?
Ez naiz sekula jarri horretan pentsatzen, baina bai, badaukat: nire izeba ezkonbidaian Mexikora joan zenekoa. Bestalde, bi postal bitxi ere baditut, zer jartzen duen ez dakidanak: bata Txinakoa da eta txineraz idatzita dago, eta bestea Thailandiakoa da eta thailandieraz idatzita dago. Makiletan, berriz, niretzat berezienak 2000. urtean Etsaiak-ekin zuzeneko diskoa grabatu genuenekoa eta 2003an Pin Pan Pun bandarekin Kubatik egin genuen bira musikalekoa dira.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide