Ane Larrañaga: "Jantzia tradizionala da, umeak eroso senti daitezen gehigarri gehiegirik gabe"

Ane Larrañaga, haur danborradako jantziak mozten.

Diseinu grafikoko eta patroigintza eta jantzigintzako ikasketak egina da Ane Larrañaga Paredes, eta txikitatik izan du arropak diseinatzeko grina. 2012an, helduen danborradarako Xabier Munibe Ikastolako ikasle ohien jantziak diseinatu zituen, eta iaz, berriz, umeen pilotari taldekoak. Aurten, Azkoitiko zalduntxoen trajea aurkeztu berri du. 

 

Nola iritsi zitzaizun umeen trajeak diseinatzeko aukera? Nolakoa izan da sortze prozesua?
Umore Ona elkartea izan da umeen danborradaren arduraduna urte luzez, baina duela urte gutxi batzuk gazte talde batek hartu zuen elkartearen ardura, eta, horrenbestez, danborradarena. Jantziak berritzea erabaki zuten, eta mistoak izatea zen helburuetako bat. Aurretik helduen danborradarako egin nituela jakinda, nigana jo zuten umeenak egiteko. 2015eko umeen danborradako pilotarien taldeko jantziekin hasi ginen. Helduen diseinua mantendu nuen, baina logo berria egin nuen. Aurtengo jantziaren diseinuak herriarekin zerikusia duen zerbait izan behar zuen, eta, hori dela eta, Txalkor Txistulari Taldearen jantzia erabili nuen erreferentzia modura. Egunean sei ordu inguru lan egiten nuen, eta abendu hasierarako amaituta neuzkan jantziak. Rebeca Calderonen laguntza izan dut josteko prozesuan. Nik pieza guztiak josten nituen, kanpokoa alde batetik eta forrua bestetik, eta Rebecak bi zatiak elkartzen zituen.

Nola definituko zenituzke diseinatu dituzun trajeak?
Jantzia tradizionala da, umeak eroso senti daitezen gehigarri gehiegirik gabe. Lana aurrera ateratzeko nuen aurrekontuak ere eragina izan du diseinuan. Horrelako lan handietan, jakin beharra dago egindakoak zenbat balioko duen, diseinutik hasi eta azken ukituak eman arte. Guztira 60 jantzi egin ditut eta diseinua berbera izan da. Dena dela, barrika eta danborren taldeak daudenez, batzuk grisak izango dira, eta besteak granateak. Kantinera eta zuzendarien jantziak ere kontuan hartu behar dira, bai eta arazorik egotekotan badaezpada egindakoak ere.

Alde handia al dago gazteentzat edo haurrentzat diseinatzeko orduan?
Xabier Munibeko taldearentzat jan-tzia egiterakoan, diseinua danborradako taldekoon artean erabaki genuen, eta ez zen erraza izan guztiok ados jartzea. Horri dagokionez alde handia nabaritu dut, haurren jantziaren diseinua nire esku bakarrik baitzegoen. Materiala eta kolorea biren artean aukeratu dugu, eta askoz azkarrago ibili gara. Danborradako talde guztiak elkartzean jantzi denak kolore berekoak ez izatea eta ukitu alaia transmititzea nahi izan dut.

Nor uste duzu izango dela kritikoagoa?
Ez nuke jakingo seguru esaten, baina uste dut azkoitiarrak kritikoagoak izango direla haurren danborradako jantziekin. 50 urtez jantzi berak erabili dira, eta, bertako jende askok erabili dituenez, oso kuttunak dituzte, eta berriak kritikatuagoak izango direlakoan nago. Hala ere, neu izango naiz egindako lana gogorren kritikatuko duena.

Zein da lan horren atalik gogorrena?
Hasiera batean diseinatzen duzuna eta amaieran eskuetan duzuna aldatuz joaten da. Beraz, esango nuke diseinua aurrekontura egokitzea dela gogorrena. Patroia ateratzea ere zaila da, baina lehenengo proba egin ondoren beharrezko aldaketak egin, eta segituan hartzen da martxa.

Eta aberasgarriena?
Prozesuaren amaieran jantziak egiten jardun dudan bitartean ikasi ditudan gauza guztiez ohartzea. Ikasketak amaitzean, ez duzu zeure burua horrelako lan handi bat bakarrik egiteko gai ikusten, baina aukera iristen denean heldu egin behar zaio, eta jantziak kalean ikusteak sentimendu paregabea sortzen du.

Norberak nahi duenaren eta izan beharko lukeen horren arteko borrokarik izan al duzu diseina-
tzean?
Danbor jole naizen aldetik, erosotasuna iruditzen zait garrantzitsuena; edertasunaren gainetik jarriko nuke. Gutxienez bi orduz eta askotan eguraldia lagun ez dela ibili behar izaten du danbor joleak, eta ez nuke nahi jantzi pisutsua eta apaingarri asko erabiltzerik, are gutxiago umeak izanda.

Aurtengo umeen danborrada berezia izango da.
Aurreko urteko pilotarien jantzian parte har-tzeak ilusio handia egin zidan. Aurtengoan, berriz, lan handia hartu dut, eta irrikaz nago emaitza ikusteko. Ez da gauza bera jantzia zuk zeuk janztea edo kanpotik 50 haurri baino gehiagori zure lana soinean ikustea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide