Josu Juaristi: "Nik ez dut arrisku sentsaziorik eduki"

Maxixatzen.eus 2016ko mar. 24a, 11:35
Argazkia: EH Bildu

Josu Juaristi (1964) EH Bilduko europarlamentari azkoitiarra Bruselako Zaventem aireportura iristekoa zen herenegun, baina lurreratu baino hamar bat minutu lehenago tripulazioak bidaiariei jakinarazi zien hegazkina desbideratu egingo zutela, segurtasun neurrien ondorioz. Azkoitiarrak Maxixatzeni azaldu dio "lasai" dagoela. 

 

Nola izan zenuen atentatuaren berri?

Bruselara iristen ari ginen, eta lurreratu baino hamar bat minutu lehenago tripulazioko batek esan zigun segurtasun arazo bat zegoela eta, ondorioz, Bruselako aireportua itxita zegoela. Orduan, Ostendera eraman gintuzten, Belgikako beste aireportu batera. Segituan lehorreratu ginen, eta han ateak ireki zain geundenean denok sakelako telefonoa begiratzen hasi ginen. Nik neuk ordurako pentsatu nuen bonbaren bat-edo izango zela.

Nola igaro zenituen albistea jakin ondorengo minutu haiek?

Familiari eta lagunei abisatu nien lasai egoteko badaezpada, haiek bazekitelako noiz iritsiko nintzen Bruselara. Eta gero, ez nuen denbora libre askorik eduki, komunikabideak deika hasi zitzaizkidalako. Hala ere, nik lasai hartzen ditut horrelako gauzak. Oso egoera gogorrak dira, baina norberak bizitako esperientziek era batera edo bestera hartzeko balio izaten dute. Nik asko bidaiatzen dut, eta egoera berrietara ere azkar egokitzen naiz. Egia da hamar minuturengatik ez garela hil, eta lehenago iritsi izan bagina aireportuan egongo ginatekeela. Baina, hala ere, nik ez dut arrisku sentsaziorik eduki.

Zenbat denbora egon zineten hegazkin barruan?

Ostendeko pistan, hegazkin barruan, ordubete bat egon ginen. Gurea bezala beste pare bat hegazkin ere ikusten genituen leihotik. Handik irten ginenean dezenteko kaosa zegoen aireportuan. Han geunden batzuk gure artean hitz egin genuen, eta auto bat alokatzea erabaki genuen Amsterdamera joateko. Azkenean, atzo goizeko lehen hegazkina hartu nuen, eta eguerdian iritsi nintzen Euskal Herrira.

Zer egiteko zenituen Bruselan?

Goizean bilera bat nuen Suediako Gobernuko ministro batekin, eta arratsaldean, berriz, Sinn Féinek antolatutako Pazko matxinadari buruzko konferentzian parte hartu behar nuen, aurten mendeurrena betetzen delako errepublikarrek Erresuma Batuaren eta Britainiar Inperioaren agintearen aurka burutu zuten matxinadatik. Hori dela eta, 140 bat lagun Irlandatik Bruselara joatekoak ziren. Gertatutakoaren ondorioz, ordea, ekitaldi guztiak bertan behera utzi edo atzeratu egin dituzte. Ikusiko dugu orain nolako segurtasun neurriak hartzen dituzten parlamentuan. Izan ere, orain laugarren alerta ezarrita dute, alegia, alerta altuenean daude, eta horrek parlamentuko lanetan eragina izaten du.

Zenbatero bidaiatzen duzu hara?

Astero joaten naiz, astelehenetik ostegunera. Atsegin dut bidaiatzea, aireportuetan ibiltzea eta hegazkinak hartzea; txarrena da familiaz bananduta egon beharra. Lan asko egiten dut eta oso erritmo bizian gainera, baina oso gustura nabil lan honetan eta oso lan interesgarria da.

Noiz joango zara berriz?

Bi aste barru joango naiz berriz Bruselara, Pazko Astearen ondoren.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide