Martxan da Urola Erdian berrikuntza soziala eragiteko Urberritzen prozesua

Maxixatzen.eus 2016ko ots. 24a, 10:31
Otsailaren 18an egin zuten proiektua aurkezteko saioa, eta proiektuaren lan-ildo nagusiak azaldu zituzten.

Abian da Urola Erdiko Garapen Agentziaren (Iraurgi Berritzen agentziaren) Urberritzen proiektua. Donostia-Beterri eskualdeko udalekin (Beterri) eta Elhuyarrekin elkarlanean egin da proiektua, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jaso du. Otsailaren 18an egin zuten proiektua aurkezteko saioa, eta honako lan-ildo nagusi hauek azaldu zituzten:

 

  • Batetik, eskualdeko 6 egitasmo ebaluatuko dira Elhuyarrek garatutako tresnaren bitartez. Hala, egitasmoek berrikuntza sozialaren irizpideak zenbateraino betetzen dituzten aztertuko da, eta aurrera begira berrikuntza sozialean eragiteko neurriak proposatuko zaizkie. Hauek izango dira ebaluatuko diren egitasmoak: Elkarrekin eraikitzen, Mugat, Hemenbuy, Ezagutza Sarea, Elkar-ekin, MunibeGroup. Ebaluazio horiek martxora bitartean egingo dira.
  • Bestetik, Topagunea izeneko elkarlanerako gunea sortuko da eskualdeko eragileekin batera. Gune horretan, ebaluazioen ondorioak sozializatuko dira, berrikuntza soziala sustatzeko eskualdeak duen gaitasunaren inguruko hausnarketa egingo da, hobetzeko neurriak proposatuko dira, eta eragileen arteko elkarlana indartuko da. Saioak apirilaren 21ean eta maiatzaren 5ean izango dira.
  • Azkenik, Donostia-Beterri eskualdeko udalekin batera, Trukegunea izeneko saioa egingo dugu maiatzaren 18an, bi eskualdeek elkarrengandik ikas dezaten eta esperientziak truka ditzaten.
  • Prozesuari bukaera emateko, jardunaldi bat egingo da ekainean, ikasitako guztia partekatzeko.

Proiektua aurkezteko saioan, prozesuaren xehetasunak azaldu ondoren, hitzaldiek eta mahai-inguruak hartu zuten lekukoa, eta aukera izan genuen eskualdean garatzen ari diren hainbat esperientzia interesgarri entzuteko, besteak beste, Diametro200 jatetxearen proiektua. Jatetxe hori Orona Fundazioak kudeatzen du, eta, Karabeleko ekonekazaritza etxaldearekin duten lankidetzari esker, tokian tokikoak dira baratzeko elikagai guztiak, Iker Goikoetxea Karabeleko elkarteko kideak eta Iñigo Marquet Orona Fundazioako ordezkariak azaldu zutenez. Bigarrenik, Azpeitiko Kultur Mahaiaren esperientzia azaldu zigun Kepa Urbieta azpeitiarrak. Argi gelditu zen kultura-oinarri sendoa duela Azpeitiak, eta Kultur Mahaiaren gakoa zera dela: elkarte guztien arteko elkarlana, kultura-dinamika eta koordinazioa kudeatzea. Azkenik, Jon Ander Arzallusek, Gureak Taldeko ordezkariak, orain gutxi Azpeitian ireki den Eroskiko supermerkatuaren esperientziaren berri eman zuen. Esperientzia guztiz berritzailea da bai Estatuan bai Euskal Herrian, eta ekimen interesgarria, desgaitasunak dituzten pertsonen enplegu-aukerak areagotzeko.

Apirilean eta maiatzean egingo diren Topaguneetan izena emateko, deitu 943 02 60 69 telefonora edo bidali mezu bat iabarisketa@iraurgiberritzen.eus/ isorazu@iraurgiberritzen.eus helbidera.

Proiektuari buruzko informazio gehiago eskuratzeko, berriz, sartu berrikuntzasoziala.elhuyar.eus edo iraurgiberritzen.eus helbideetan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide