50 urtetik gorako eraikin guztien jabeek EITa aurkeztu behar dute udaletxean

Maxixatzen.eus 2016ko ots. 17a, 10:48

Eusko Jaurlaritzak Eraikinen Ikuskaritza Teknikoa (EIT) arautzen duen dekretuan egindako aldaketen ondorioz, 50 urtetik gorako eraikin guztien jabeak legez behartuak daude udaletxean EITa aurkeztera, alegia, eraikinaren kontserbazio maila jasotzen duen txostena. Dekretu horrek etxebizitza erabilera duten eraikinei eragiten die.

 

50 urte bete dituzten eraikinetan joan daiteke ikuskapena egiten. Azterketa teknikoa aurkezteko epea 2018ko ekainera arte luzatuko da. Horixe da eraikin zaharrenentzat edo 50 urte aspaldi bete zituztenentzat ezarritako data. Hala ere, 50 urte betetzen joaten diren eraikinentzat urtebeteko epea emango da ikuskapena egiteko.

50 urte betetako eraikinen jabe edo komunitateek arkitekto edo aparejadore baten zerbitzua kontratatu beharko dute ikuskapena burutzeko. Komunitate bakoitzak aukera dezake norekin lan egin. Txostenak hamar urterako balioko du.

EITak eraikinaren kontserbazio egoera ezagutzeko balio du. Horretarako, egitura, fatxada, estalkia eta saneamendu eta hornidura sarea aztertzen dira. Pitzadurak, hezetasunak edo jausiak identifikatzen dira.

Behin ikuskapena eginda, gauzatu beharreko lanen premia ikusi eta esku-hartze bakoitza exekutatzeko epeak ezartzen dira.

50 urtetik gorako eraikinez gain, ikuskapen hori egitea derrigorrezkoa da zaharberritzeko, energiaren eraginkortasunerako edo irisgarritasunerako laguntza publikoak eskatzen dituzten eraikin guztientzat.

Azkoitian 360 eraikinek egin beharko dute ikuskapena 2018rako. Dagoeneko 34 eraikinen ikuskapenak erregistratu dira. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide