Jantzi berriak, aurtengo haur danborradan

Maxixatzen.eus 2016ko ots. 12a, 11:51
Argazkian, Umore Ona elkarteko kideak, Udaleko Lia Ariño Kultur Teknikaria eta Sonia Vazquez zinegotzia eta Ane Larrañaga diseinatzailea.

Azkoitiko Zalduntxoek erabiltzen zituzten jantziak diseinatu ditu Ane Larrañaga 25 urteko diseinatzaile azkoitiarrak, eta haur danborradako konpainia batek estreinatuko ditu aurten. Guztira, 60 jantzi berri josi ditu Larrañagak, 30 gorriak eta beste horrenbeste grisak.

 

Apirilaren 2an izango da 51. haur danborrada Umore Ona elkarteak antolatuta, eta guztira 20 boluntario inguru ariko dira lanean entseguetan eta danborrada egunean. Lau konpainia izango ditu aurtengo danborradak, eta antolatzaileek jantzi berriak egiten jarraitu nahi dute urtez urte. Esaterako, iaz, Larrañagak berak pilotarietan oinarritutako trajeak diseinatu zituen, eta aurten zalduntxoenak egin ditu. Datorren urtean, berriz, abarketarien jantziak diseinatuko dituela aurreratu zuen diseinatzaile gazteak. 

 

Danborradarako izen-ematea eta entseguak

Parte hartu nahi duten 4 eta 13 urte bitarteko neska-mutilek herriko eskoletan izena eman beharko dute datorren astelehenetik, otsailak 15, otsaila amaierara bitartean. 

Entseguak martxoaren 7an hasiko dira Gurea pilotalekuan, eta astelehenetan, asteazkenetan eta ostegunetan izango dira 19:00etatik 20:00etara.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide