Emakumeen Mahaiak elkarretaratzea deitu du, Gasteizko erasoa salatzeko

Maxixatzen.eus 2016ko urt. 28a, 10:49

Gasteizeko gertaera larrien aurrean erantzuteko Azkoitiko Emakumeen Mahaiak kontzentrazioa deitu du. Elkarretaratzea gaur, hilak 28, izango da herriko plazan, 19:30ean. Bestalde, Udalak Alicia haurraren hilketa eta amak jasandako erasoa gaitzetsi ditu.

 

Zaballako kartzelan dago Gasteizen 17 hilabeteko haurra hiltzea eta haren amari eraso egitea egotzi dioten gizonezkoa. Umeari autopsia egin zain daude orain, haurrak sexu erasorik jasan zuen jakiteko; emaitzen arabera erabakiko du epaileak atxilotuari sexu abusu delitua egotzi edo ez. 

 

Udalaren gaitsezpena

Azkoitiko Udalak Alicia haurraren hilketa eta amak jasandako erasoa gaitzetsi ditu. Genero indarkeriarengatik Gasteizen Alicia txikiaren hilketa eragin eta bere ama erietxera eraman duen eraso basatia gaitzetsi du Azkoitiko Udalak.

Halaber, biktimen senitarteko eta adiskideei elkartasuna adierazi nahi izan die.

Aurten Euskadin genero indarkeriaren ondorioz gertaturiko lehen hilketa da Gasteizkoa eta Udalak jazoera hau gaitzesteko antolatzen diren kontzentrazioetan parte hartzera deitzen ditu  herritarrak.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide