Elena Sudupe: "Etorkizuna beste bide batetik ikusten dut, baina ahal dudan bitartean gimnastika erritmikoari eusten saiatuko naiz"

Maxixatzen.eus 2016ko urt. 19a, 13:19

Gimnastika erritmiko oinarrizko kadete mailan lehiatzen da Elena Sudupe (Azkoitia, 2000), banaka eta taldean. Azkoitiko Zubi Berri taldean bost urterekin hasi zen, eta duela bost urte Eibarko Ipurua taldeak deitu zion beraiekin entrenatzen hasteko. Azken talde horrekin Espainiako mailan lehiatzea lortu du hamasei urteko azkoitiarrak.

 

Txikitan zergatik aukeratu zenuen gimnastika erritmikoan izena ematea?

Amari eta amamari asko gustatzen zitzaien, eta beraiek bultzatuta hasi nintzen. Niri ere asko gustatzen zitzaidan, eta betidanik gustura joan izan naiz. Txikitan izeba hil zitzaidan, eta beldurragatik negar asko egiten nuen. Kirol honek asko lagundu zidan garai zail haiek gainditzen. Ordutik beste seriotasun batekin hartu nuen, eta zorionez dena oso ondo joan zait.

Zein izan da zure lorpenik handiena?

Niretzat Ipuruan lehiatzea bakarrik sekulakoa da; Zubi Berri eskolarra da, eta Ipurua, berriz, federatuena. Hala ere, bost denboraldietan lortu dut Espainiako txapelketan lehiatzea, eta maila horretan parte hartzea eta egindako lanarekin gustura gelditzea izan da gehiena bete nauena.

Orain arte, taldean lortu ditugu emaitza onenak, baina banaka lortutakoarekin oso gustura nago. Lehia handia izaten da txapelketetan, parte hartzaileen artean maila handia baitago.

Entrenamendu ordu asko sartzen al dituzu?

Bai; sakrifizio handia eskatzen dit. Ikusten ez den lan asko dago atzetik; ia zenbatu ezinak dira dantza bat prestatzeko sartutako orduak. Bi minutu eta erdian erakutsi behar izaten dugu hilabeteetan ikasitakoa. Astean bost aldiz izaten ditugu lan saioak, eta saio bakoitza lau ordutakoa izaten da.

Baina gimnastika erritmikoak ez dit kirol bat bakarrik erakutsi, nire bizitza antolatzen ere irakatsi dit. Gainera, ordu horiek guztiak sartzeak balio izaten du denboraldian zehar emaitza onak lortzen badira.  

Bizi al daiteke gimnastika erritmikotik?

Asko gustatzen zait kirol hau, baina badakit ia ezinezkoa dela hortik bizitzea. Horregatik eskolan ere emaitza onak ateratzen saiatzen naiz, ondoren gradu bat egiteko asmoa dudalako. Biak ondo egiten saiatzen naiz, biak iruditzen zaizkidalako garrantzitsuak.

Etorkizuna beste bide batetik ikusten dut, baina ahal dudan bitartean gimnastika erritmikoari eusten saiatuko naiz. Hala ere, badakit egunen bat iritsiko zaidala utzi egin beharko dudana.

Duela gutxi lesio larri bat izan zenuen.

Bat baino gehiago izandakoa naiz, baina azkenengoa izan zen denetan gogorrena: atzeraka erori eta lepoan eta bizkarrean kolpe handia hartu nuen. Hala ere, errekuperazioa ondo joan zen, eta osatzea lortu nuen. Orain berdin lehiatzen naiz. Astebete bakarrik egon nintzen geldirik. Hasieran min pixka bat sentitzen nuen, baina orain lehen bezala entrenatzen naiz.

Elikadura zaintzen al duzu?

Ez; nik berdin jaten dut, baina badago jendea garrantzia ematen diona.

Jantziak norberak egiten al ditu?

Erosi edo alokatu egiten ditugu, eta nahiko garestiak izaten dira. Ileko mototsa eta makillajea, berriz, guk geuk egiten dugu dagoeneko; lehen entrenatzaileak egiten zigun.

Ba al duzu gimnastikako erreferente bat?

Azkoitiko eta Eibarko irakasleek asko erakutsi didate. Orain, berriz, nire taldekideak dira erreferente nagusiak. Txikitan, zaharragoei kopiatzen saiatzen nintzen, eta asko ikasi nuen haiengandik.

Emanaldietan animatzera jende asko joaten al da?

Orain kuadrillakoak ez dira joaten, Azkoitian ez garelako lehiatzen. Hala ere, gurasoak eta Ipuruako taldekideen familiakoak emanaldi guztietara joaten dira. Asko animatzen gaituzte. Gure artean ere oso giro ona daukagu, eta elkar asko babesten gara. Familia bat da niretzat nire taldea.

Zein izan dira lortutako sari berezienak?

Euskal Gymen taldean irabaztea, Espainiako asko lehiatzen dira, eta oso pozik gelditu ginen. Horrez gain, Euskadiko eta Gipuzkoako txapeldun izatea ere lortu dugu. Bestalde, banaka, 256 parte hartzailetatik lehen 22ren barruan sartu nintzen Espainiako txapelketan, eta aurreneko aldia izateko oso gustura gelditu nintzen.

Negarrik egin al duzu emanaldi bat nahi bezala atera ez zaizulako?

Negar amorruagatik egiten da, eta oso gutxitan egin izan dut. Taldean denean zure erruagatik dela iruditzen zaizu, eta asko izorratzen du. Errudun sentitzen zara. Gainera, presio asko izaten da gure artean; guk gure buruari asko exijitzen diogu. Esaterako, Espainiako txapelketan akats txiki batek hamar postu atzerago eraman zaitzake. Baina inoiz ezin dugu amore eman, eta zerbait gaizki ateratakoan, hurrengorako hobetzen saiatu behar da.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide