Eskualdeko turismo bulegora inoiz baino bisitari gehiago hurbildu dira

Maxixatzen.eus 2016ko urt. 15a, 13:16
Argazkian, turismo bulegoko arduraduna, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea eta Javier Zubizarreta Azkoitiko alkatea.

Urola Erdia Eskualdeko Turismo Bulegotik 30.700 bisitaritik gora igaro dira 2015ean, aurreko urteetako kopuruak gaindituz. Gorakada, nagusiki, abuztutik aurrera ikusi da, Loiolako santutegi aurrean bulego berria kokatu zenetik, alegia. Esaterako, 2015ean, abuztutik abendura bitartean, 17.928 bisitari artatu ziren eta 2014an, sasoi berean, 14.473 (%24ko igoera).

 

Iraurgi Berritzen, Azkoitiko eta Azpeitiko Udalen Garapen eta Berrikuntza Erakundeak, ezagutzera eman ditu Urola Erdia Eskualdeko Turismo Bulegoak 2015ean jasotako datuak eta balantzea. Izan ere, bulegoak inoiz baino datu hobeagoak jaso ditu. Guztira, 30.746 bisitari turistak erabili dute bulegoak ematen duen informazio zerbitzua. Hau da, 2014ko datuekin alderatuz, %13ko igoera eman da.

Iraurgi Berritzenek egiten duen balorazioa positiboa da ezbairik gabe. “Bulego berria kokapen berrian zabaltzean apustu garrantzitsu bat egin zen turismo jarduera indartu eta tokiko ekonomia sustatzeko, eta sei hilabeteko bat denbora laburra den arren behinbetiko emaitza eta konklusioak ateratzeko, datu itxaropentsuak direla uste dugu etorkizunera begira”.

Era berean, Iraurgi Berritzeneko Turismo sailaren arabera, eskualdeko sustapen turistikorako bulego hau bezalako tresna indartsua edukitzeak sailaren jarduerarako exigentzia maila ere igoarazi egiten du, “aurretik dugun erronka haundia baita. Mezua argia da, turista gehiago artatzeko bidea egin dugu Loiolan, beraz turista gehiago bideratu behar ditugu gure udalerrietara”.

Bulego berriaz gain, bada bisitari turisten gorakada eragin duen beste faktore bat eta da Euskal Herrian orokorrean turismo jarduerak gora egin duela eta eskala efektuaz gure eskualdean.

Turisten profila

Turisten %70 bidaia antolatuetan eta taldean etorritakoak izan dira. Hala ere, euren kabuz etorritakoak ere 2014an baino 2.100 lagun gehiago izan dira.

Jatorriari dagokionez, estatutik etorri dira gehienak, %45 hain zuzen. Atzerritarrenak eta barne turismoak ere gora egin dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide