Udalari zuzendutako Elkarguneari buruzko galdeketa

julen hernandez 2015ko abe. 10a, 15:23

Iada pasatu dira 6 urte Azkoitiko polikiroldegia Elkargune izatera pasatu zela eta igerileku irekiak inauguratu zirela. Honen inguruan udaletxeari galdeketa bat bidaltzea erabaki nuen orain dela ia 2 hilabete "Danon Herrixe" web gunearen bitartez. Oraindik erantzunaren zain nago!

Eta ez hori bakarrik, "Danon Herrixe" web gunea martxan egon badagoela uste dut (urriko aktualizazioak daude eta, egindako obren eta hobekuntzen inguruan, kasualitatea...) beraz, zergatik ez dute galdeketa publikatu? Ez dut nahi gaizki pentsatu.

Beno, galdeketa ez nuen nahi ezerezean gelditzea, eta Maxixatzen webgunearen bitartez gustatuko litzaidake udalak Elkargunearen arazoaren inguruan hurrengo galderak argitzea, edo, behintzat, herritarrok ez ahaztea hemen gertatzen ari denaz:

Iada pasatu dira 6 urte Azkoitiko polikiroldegia Elkargune izatera pasatu zenetik eta igerileku irekiak inauguratu zirenetik.

6 urte hauetan Elkargunea erabili nahi izan dugun herritarrok, urteko kuota oso garesti bati aurre egin behar izan diogu.

Kexak udalari zuzendutakoak etengabeak izan dira, eta udaletik beti erantzun berdina eduki izan dugu:

"Egoerak baldintzatu egiten du udalaren kutxa:

  • Mailegua
  • Masquatrorekin dagoen kontratua
  • Azkoitia Lantzeni ordaintzen zaiona

Dena batuz gero, urtero, 1.300.000 inguru bideratu behar dira azpiegitura horiek finantzatzeko.
Horregatik, Udalak, Elkargunearen erabilera tasak ezin ditu herritarren poltsikoetara nahi adina egokitu.

Hala ere, ahal den neurrian horretan ahalegintzeko konpromisoa hartzen du, lehen urte osoko tasekin eta udalaren kanpoko igerilekuen tarifetan egin bezala".

Nahiz eta udalak, behin eta berriz, neurriak hartzeko konpromisoa duela esan, gaur egun orain dela 6 urte ordaintzen genuena baino %19 gehiago ordaintzen dugu 3 hilabetekoa, eta orain dela 7 urte ordaintzen genuena baino %50 gehiago urteko kuota.

Pertsona baten urteko kuota 280 eurokoa da Azkoitin (hasierako matrikula kontutan eduki gabe). Gipuzkoako beste herri batzuekin konparatze aldera (ematen dituzten zerbitzuak, Azkoitin ematen diren berberak):

  • Elgoibar: 145 euro
  • Azpeitia: 188 euro
  • Eibar: 139 euro
  • Bergara: 189 euro

Aldea nabarmena da. Egoera hau nahiko aldrebesa iruditzen zait, eta pertsonalki injustizia bat dela deritzot, gauzak gaizki egin direnaren seinale (zaratarik ez delako ateratzen udalak ez al du ezer ere egin behar hala?). Batez ere, behin eta berriro kuotak murrizteko dirurik ez dagoela esaten denean, baina futbitoko pista berritzeko bai, adibidez!

Guzti hau esan eta gero, udalari hurrengo galderak egin nahi dizkiot:

Udalaren arabera 2011an:

"Proiektua kudeatzeko xedearekin kontratu bat egin zuen Udalak Masquatro enpresarekin. Kontratu haren arabera, Udalak oreka ekonomiko finantzarioa bermatu behar dio enpresa horri,  5 urtetan.  Alegia, kudeaketan gastuak diru-sarrerak baino handiagoak badira, Udalak egin behar dio aurre diferentzia horri, beti ere %40ko goi mugarekin. Kontratu hori dela eta, Udalak urtero 300.000 euro inguru jarri behar ditu gastu horiek ordaintzeko".

Kontutan edukita 2016. urtean kontratu hori bukatu egiten dela:

  1. Zer egin behar du udalak 300.000 euro inguru hoiek murriztu ahal izateko?
  2. Kontratu berriak, herritarrentzako onurak babestuko al ditu?
  3. Zer egin behar du Udalak 2016. urtean urteko kuota murrizteko?
  4. Ba al dauka kuota murrizteko asmorik?
  5. Udalaren arabera,

"2009an, Azkoitia Lantzenek Elkargune Institutuari kanpoko igerilekuak eta Elkargunea laga zizkion 15 urterako. Emate horren truke, urtero 270.000 euroko errenta ordaindu behar dio Udalak Azkoitia Lantzeni, 2024ra arte".

Gaur egun zein da Azkoitia Lantzen eta udalaren arteko harremana? Urteko 270.000 euroko errenta mantentzen al da? Oñederreko lixibiatuen inguruan Azkoitia Lantzenek zuen egoera ez al du laguntzen udalak ordaintzen dizkion 270.000 euro horiei buelta bat emateko?

Besterik gabe, zuen erantzunaren zai gelditzen naiz.

Mila esker aldez aurretik.

Julen H.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide