Langileen esplotazio egoera salatu du ELAk, Xabier Munibe ikastolako lanetan

Maxixatzen.eus 2015ko aza. 17a, 16:00
Xabier Munibe ikastolako lanetan kontzentrazioa egin zuten pasatu den ostiralean, prekarietatea salatzeko.

Igor San Jose ELAko eraikuntza arduradunak beste behin salatu du Xabier Munibe ikastola eraikitzen ari diren azpikontratetako langilen prekarietatea. Izan ere, egunero hamar orduz lanean aritzen direla salatu du San Josek, "miseria bat irabaziz". Eusko Jaurlaritzak esletitutako lanak izan arren, esplotazio eta prekarietate egoeran daudela adierazi du ELAk. Gainera, egoera horiek iraunkortu eta etengabe hedatzen ari direla azaldu ELAko arduradunak.

 

"Errekuperazio  eta  hazkundearen  inguruan  mezu  partzial  eta  nahasiak  ematen  dituzten  bitartean,  kaleetan  eta  lantokietan egoera lazgarriak etengabe ugaltzen ikusten ditugu", gaineratu du San Josek.

ELA Sindikatuak egoera hau salatzeko eta botere politiko eta ekonomikoak sinbiosian daramaten  estrategia  agerian  uzteko  Kanpaina  bat  abiarazi  du.  Kanpainaren  bidez  gobernu  eta  patronalaren  propaganda  mezuei  erantzun  nahi  diote  eta,  besteak  beste, soldaten  aurkako  gerrari  eta  murrizketa  sozialei aurrei egin.

Miseria eta lan esplotazio egoeretako bat herriko Xabier  Munibe  ikastolako  eraikin  berriaren  lanetan gauzatzen dela dio ELAk. Bertan  Eusko Jaurlaritzak lanak  esleitu  ditu aurrekontuaren balioa baino %41 gutxiagoan. "Baldintza  horretan  ezinezkoa  da  indarrean  dagoen  eraikuntzako  hitzarmena  betetzea.  Joko  horretan  Espainiako  eraikuntza  enpresa  handiak  eroso  mugitzen  dira, gure gobernuak elikatzen dituen bitartean. Botere publikoek daramatzaten politikek  enpresen  etekinak handitu eta langileen artean miseria zabaltzen du". 

Baina Xabier Munibe Ikastolaren kasua ez da bakarra eskualdean. 2016ko urte osoan zehar luzatuko den Kanpainaren bidez prekaritate eremu horiek identifikatu, bide anitzetatik salatu eta  herritarrei egoera errealaren berri eman nahi dio ELAk.  

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide