Euskararekin jolastu nahi? Zatoz Elkargunera ostiraletan

Erabiltzailearen aurpegia Auzoko 2015ko aza. 13a, 11:21
Auzokoren eskolan biltzen dira herritarrak eta Maite Rodrigez dinamizatzailea.

Auzoko egitasmoa euskara, aniztasuna eta herritarrak barnebiltzen dituen egitasmoa da; herritarrak euskarara gerturatzea helburu duen hizkuntz egitasmoa, hain zuzen. Hizkuntzatik abiatuta, zeharka, elkarbizitzarako helburu garrantzitsuak jorratu nahi dira: elkar ezagutza, hurbilketa, aurreiritziak eta beldurrak gainditzea, elkarren aitortza, eta abar. 

Eskola eguna eta ordua aldatu dugu, eta, orain, ostiraletan biltzen gara Elkargunean, 10:00etatik 12:00etara.

 

Auzokon ez dugu inor euskalduntzeko asmorik, euskarara hurbiltzeko baizik eta jasotzen den horrek komunikatzeko balio izatea bilatzen dugu. Ez dugu euskara zuzena bilatzen, eta ulertzen den heinean ontzat ematen dugu. Euskaraz komunikatu nahi dugu, euskaraz elkar ezagutu. Euskararekin jolastuz, giro ludikoan, euskaraz ez dakiena euskarara hurbildu nahi dugu eta hizkuntza desberdinetako herritarrak harremanetan jarri.

Euskararen munduan berria denak lehenik eta behin, entzuteko premia dauka, hori baita hizkuntza bat "naturaltasunean" ikasteko lehen urratsa: entzumena lantzea. Entzun, errepikatu eta berriz entzun. Patxadaz eta giro lasaian, lagun arteko giroan aritzen gara.

Auzokoko taldeak sarrera libreko eremuak dira eta sailkapen bakarra euskaraz hitz egitea edo ez egitea da. Beraz bi perfilak dira beharrezkoak Auzoko taldeak osatzeko: euskaraz bizi diren herritarrak eta euskarara hurbildu nahi duten herritarrak.

Animatu euskararekin jolastera, eta zatoz Elkargunera ostiraletan, 10:00etatik 12:00etara. Maite Rodrigez izango da aurrerantzean Auzokoren dinamizatzailea, eta herritarrak animatzen ditu egitasmoan parte-hartzera. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide