Oihana Sudupe eta Ina Juaristi: 'Azkoitiarrak kontzientziatu nahi ditugu, siriarrek bizi duten egoeraz'

Maxixatzen.eus 2015ko urr. 8a, 12:19

Ongi Etorri Azkoitira Elkartasun Sareak ekimen bat antolatu du gaur arratsalderako Plazan, 19:00etan. Helburua da herritarrak sentsibilizatzea, siriar errefuxiatuek bizi duten arazoaren aurrean.

Sarean hamazortzi bat lagun daude, eta ia astero bilera irekiak egiten dituzte. Bertako bi kide dira Oihana Sudupe eta Ina Juaristi azkoitiarrak, eta Maxixatzeni azaldu diote herritar bezala euren esku dagoen guztia egingo dutela siriar errefuxiatuei laguntzeko. 

 

Zer antolatu duzue gaur arratsalderako?

Elkartasun Besarkadak izeneko ekimena prestatu dugu. Gure helburu nagusia herri mailan sentsibilizazioa lantzea da, Siriako errefuxiatuekiko. Ekimenak bi zati ditu. Batetik, antzerki bat izango da, eta bertan, herritarren parte hartzea ezinbestekoa izango da. Bertan irudikatuko dugu errefuxiatuek bere herrialdetik gerra baten ondorioz ihesi irteten dutenean, zein traba izaten dituzten, beste herrialde batera iristeko. Bestetik, mikrofono irekia izango da herritarrentzat; guk liburuxka bat sortu dugu geuk proposatutako testuekin, eta nahi duenak bertako zati bat irakurri dezake edota etxetik ekarritako zerbait ere irakurri dezake: esaldi bat, hitz bat, olerki bat… Ekimenean aurkezle bat eta aktoreak ere izango dira. Horrekin guztiarekin, azkoitiarrak kontzientziatu nahi ditugu, siriarrek bizi duten egoeraz. Horretarako, gaurko ekitaldian herritarrak parte hartzera edo ikustera gonbidatzen eta animatzen ditugu. 

Zenbat lagunek osatzen duzue sarea? Nolatan hasi zineten?

Taldean hamazortzi bat lagun biltzen gara, eta dagoeneko bost bat bilera egin ditugu. Bilerak erabat irekiak izaten dira, hainbat ideologiatako eta adinetako herritarrak biltzen gara. Guri barruak eskatzen zigun zerbait egin behar genuela halako egoera larri baten aurrean. Komunikabideetan ikusten ziren irudiek ere ukitu egiten gintuzten. Denok interes pertsonalengatik joan gara taldera, sentsibilizazio bat dugulako gai hauen inguruan edo ikusi dugunak unkitu gaituelako.

Nola ikusten duzue Sirian gertatzen ari dena?

Oso egoera larria da, orain aurrenekoak ari dira irteten, baina herrialde oso batengatik ari gara hizketan, eta urte askotan jarraituko du jendeak handik ihesi. Arazo horrek luze joko du.

Azkoitiarrak gai honen inguruan sentsibilizatuta daudela uste al duzue?

Komunikabidetan asko ari gara ikusten hango egoera, baina ez dakit zenbateraino jabetzen garen benetan gertatzen ari denaz, noraino iritsi daitekeen, hona ere iritsi daitekeela egoera hori eta abar. Orokorrean, jendea sentsibilizatuta dagoela uste dugu, baina krisi egoerek beti bultzatzen gaituzte beste diskurtso batzuk izatera, eta horri aurre egitea da gure asmoa. 

Ezin dugu ahaztu gerratik ihesi doan jendea dela. Egoera hori bizi beharra edozeini pasa dakioke, eta besteen azaletan jartzen ikasi behar dugu. Batzuetan guk kanpora joateko hautua egiten dugu, ekonomikoki gaizki gaudelako eta lana bilatu nahi dugulako. Baina herrialde batean gerran zaudenean, Sirian kasu, heriotzatik ihesi ari zara; eta hori guri ere pasa dakiguke.

Finean, europarrok Hirugarren Mundura joaten gara eta lapurreta egiten diegu: beraien lur denak esplotatzen ditugu, gure interes ekonomikoarengatik. Berez, ez direnak horren pobreak, guk pobretzen ditugu. Gainera, merkatu beltzean armak saltzen dizkiogu. Baina, azkenean, larrialdi egoeran daudenean ateak ixten dizkiogu eta hor konpon. Kontraesanean erortzen da askotan gizartean. Guk sortutako gerrak dira, eta haiekin egiten dutenak ez du zentzurik.

Gainera, ez ditugu etorkin denak zaku berean sartzen. Ikasketa altuak dituztenak "ondo" ikusten ditugu eta herrian onartzen ditugu; aldiz, ekonomikoki gaizki daudenak, nahiago ditugu urrun. 

Alemaniak ere gauza bera egin zuen; mila errefuxiatuei ateak ireki zizkion, baina badaezpada "onenak" hartu zituen: ingeniariak, arkitektoak...

Gerratik ihesi datozenak gu bezalakoak dira. Beraien lana, etxea, familia eta lagunak utzi, eta beste erremediorik ez dutelako alde egiten ari dira. Hori da duten aukera bakarra bizi normala egiten segitzeko. Hiru bat urte daramatzate gerran; oso kasu ezohikoa da. Izan ere, gerra baten ondorioz ari dira alde egiten, eta gerra hori sistema kapitalistak sortutakoa da, noski. Ezin diegu pertsona batzuei bizitzeko eskubidea kendu, beren herrialdeko ateak itxita. Ez da munduko gerra bakarra, baina orain, Europan ate-joka ari direnak horiek dira, eta gure ardura da laguntza eskaintzea.

Udalarekin bilera bat ere egin zenuten.

Lehendabiziko bileran argi ikusten genuen aurreneko pausoa Udalarekin bilera bat egitea zela. Haiek zein asmo zituzten jakin nahi genuen, ikusita inguruan, Eibarren nahiz Azpeitian, herritar taldeak mugitzen ari zirela eta bertako udaletxeek baliabide batzuk jartzen zizkietela. Horrez gain, babes herri moduan aldarrikatu dira.

Hori kontuan izanda, udaletxeko ordezkariekin bilera izan genuen. Bileran, alkateak esan zigun gehienez mila errefuxiatu iritsiko direla Euskal Autonomia Erkidegora, eta gehienak, Bizkaira eta Arabara joango zirela. Izan ere, Gipuzkoan ez daude hainbeste etxebizitza huts libre. Bestalde, Azkoitian, baliabiderik ez dagoela nabarmendu zigun siriarrei laguntzeko. Horrez gain, oraingoz, Udalak ez du premiazko gauza ikusten, eta lasai egoteko adierazi zigun alkateak. Hori bai, zerrendak irekiko ditu Udalak bi etxebizitza dituzten familiek bat errefuxiatuei utzi nahi badiote. 

Aurrera begira, zein izango dira zuen zereginak?

Ezin dugu herri bezala Udalarekin elkarlanean ezer egin, orduan, herritar bezala gainerako herritarren kontzientziazioa lantzen jarraituko dugu. Errefuxiatuak iristen direnean, agian, beste pauso batzuk eman beharko ditugu, baina bitartean ez. Gai hauek ematen dituzten Gobernuz kanpoko erakundeekin (GKE) harremanetan jartzea ere ondo legoke, zein pauso jarraitu behar ditugun jakiteko eta prest izateko haiek etortzen direnerako. Egia da, pixka bat urrun geratzen zaigula zenbait esparrutan, izan ere, ez dakigu zenbateraino egin dezakegun herritar bezala. Esaterako, burokratikoki gauza horiek nola doazen ez dakigu, eta ondo egongo zen Udalaren laguntza. Hala ere, gure esku dagoena egiten saiatuko gara.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide