Jon Unanue: 'Garaipen honek izan du niretzat baliorik handiena'

Maxixatzen.eus 2015ko ira. 15a, 12:42

Irribarrea ahoan zuela etorri da Maxixatzeneko bulegora Jon Unanue (Azkoitia, 1988) Urdaibaiko arraunlaria. Eta ez da gutxiagorako; igandean, Kontxako Bandera irabazi zuen bere taldekideekin batera bigarren urtez jarraian. Oraindik ajearekin, gustura kontatu dizkigu igandean bizitako une goxoak. 

 

Kontxako Bandera laugarrenez Bermeora eramatea lortu zenuten igandean. 

Ni esperantza handiekin nengoen. Lehen jardunaldian Hondarribia gu baino bi segundo azkarrago izan bazen ere, nire ustez gu hobeagoak izan ginen. Horri bira eman behar geniola sinetsita atera ginen, irabaztera, eta lortu dugu. Asteko entrenamenduetan ontzia oso azkar zebilen; ni ziur nengoen guk geurea egitea lortzen bagenuen, Hondarribiak ez zigula jarraituko.

Azpimarratzekoa, estropadak izandako ikusgarritasuna.

Bai; oso lehia estua izan zen. Denok sekulako erritmoan hasi ginen hasiera hasieratik. Ziabogara ia denak batera iritsi ginen eta handik amaierara poliki-poliki tartea irekitzen joan ginen. Bost segundo eskas atera dizkiogu Hondarribiari bi igandetako denborak batuta.   

Urduri al zeunden?

Ez da motza izan astea, noizko iritsi igandea. Lorik egin gabe, entrenamenduetan urduri eta buruan beti pentsamendu bera; estropada bukatzeko amorratzen nengoen. Traineru barruan ere tentsio handia sumatzen zen. Goizean goizetik jendea urduri, presaka … oso une intentsuak bizi genituen.

Zergatik da hain berezia Kontxako Bandera?

Ospea du eta urte asko dituen lasterketa da. Guretzat baliorik handiena duen garaipena da, eta urte osoan horretarako prestatzen saiatzen gara. 

Nola baloratuko zenuke Kontxan egindako lana?

Handia izan zen atzokoa. Urte osoko lana egun batean erakustea zaila da. Momenturik onenean iritsi behar duzu. Horretarako ezinbestekoa da aurrez prestaketa lan ona egitea, eta hori entrenatzailearen merituari esker lortu dugu.  

Zein da estropada osoko unerik politena?

Metara iristen garen unea izaten da niretzat, azken palada. Hor sentitzen ditut lasaitasuna, poza eta pakea.

Nori eskaintzen diozu?

Gu pozik ikusteaz pozten direnei.

Nola ospatu zenuten igandean?

Aurrenik Donostian ibili ginen. Bertan zeuden familiakoak, koadrilakoak eta neskalaguna. Ondoren, Gernikan bazkaldu genuen, gero harrera egin ziguten bermeotar mordo batek eta, azkenik, parranda egin genuen goizaldeko ordu txikiak arte.

Guztira zenbat garaipen lortu dituzue aurtengo denboraldian?                        

Ligan hiru bandera, txapelketa denak (Bizkaikoa, Euskadikoa eta Espainiakoa) eta Kontxako Bandera. Bi estropada gelditzen dira, eta batek daki zer gertatuko den. Horietako bat Bermeokoa da, eta polita izango litzateke irabaztea. 

Zein izan da gehiena gozatu duzun garaipena?

Azken hauxe, inoiz baino aurkari gogorragoa izan dugulako. Ni arraunean nabilenetik ezagutu dudan mailarik onena eman du aurten Hondarribiak, eta garaipen honek izan du niretzat baliorik handiena. Oso gustura nago.

Duela hiru urteko arantza barruan al daramazu?

Noski baietz. Hori ezin da ahaztu. Igandean zenbat eta urrutiago nahiago nituen Hondarribiakoak. 2013ko estropadan bi igandetan izan ginen azkarragoak. Abordaiagatik deskalifikatu gintuzten, baina helikopteroko irudiek argi erakusten dute dena ondo egin genuela. Emaitza ofizialetan Bermeo agertzen zen irabazle, baina ondoren egindako bileran zer pasa zen Jaungoikoak bakarrik jakingo du. Bi bandera ditu Hondarribiak, eta biak besteen deskalifikazioz lortutakoak dira.

Talde lana ezinbestekoa da arraunean, ezta?

Noski baietz. Berdin du argala, arina, sendoa edo nolakoa zaren. Denok batera jarraitu eta errespetatu behar ditugu orduak, egunak … urte osoan asko entrenatu behar da eta konprometitua izan.

Taldez aldatuko al zinateke?

Ezetzik ez dago esaterik, ez dakigu bihar non egongo garen eta. Baina, momentuz, oso gustura nago. Taldeko giroa paregabea da. Ikaragarria da taldeak duen irabazteko gosea. Askok, 35 urte inguru dituztenak esaterako, nahiz eta dena behin eta berriz irabazita egon, beste behin irabazteko ilusioarekin daude, ume txikien antzera. Beti lanean gogor segi eta segi egiten dute; haiek nekerik ez dute.

Zergatik osatzen duzue hain talde ona?

Sekulako nahasketa dago taldean. Indarra, esperientzia, jende beteranoa, entrenatzaile ona, mediku ona. Multzo ona eta dibertsifikatua osatzen dugu. Ontziari horrek ematen dio kalitatea. Batek huts egiten badu akabo.

Uda al da arraunlarientzat garairik gogorrena?

Ez, negua da dudarik gabe. Neguan sakrifikatzen gara. Ordu asko sartu behar izaten ditugu neguko entrenamenduetan, berdin du hotza, euria edo elurra egiten duen. Gorputzeko mina eta nekea ere orduan antzematen dugu gehiena.

Zenbat orduz entrenatzen duzue egunero?

Ordu asko dira denera. Gainera, bidean egunero bi ordu egin behar izaten ditugu. 18:30ean gelditzen gara eta 10:30ean itzultzen gara etxera afaltzera. Autoan Debako bi mutil, ondarrutar bat eta ni joaten gara. Eskerrak laurok batera joanda errazagoa egiten den bidaia. Baina, hala ere, gogorra egiten da. Zumaian edo izango bazen, erdia sufrituta ibiliko ginen.

Hainbat lekutako jendea dago taldean: kantabriarrak, valentziarrak, galegoak, gipuzkoarrak, bizkaitarrak … Batek, esaterako, ostiralean hartzen du hegazkina eta igandean itzultzen da bere herrira, beste batzuk, berriz, bertan bizi dira. Denetarik dago. 

Nolatan hasi zinen arraunean lehorrekoa izanda?

Urdaibai Bermeokoa zela ere ez nekien garai hartan, pentsa. Kasualitatez hasi nintzen. Euskadi Irratian antolatu zuten Tri Indoor lehiaketa delakoa, triatloia baina leku estalian. Hiru probetako bat ergometroa zen, eta Azkoitiko taldean, ni aritu nintzen arraunean. Mila metro egiten hiru minutu azpitik ibili nintzen ergometroan. 

2011ko neguan, Jose Manuel Francisco Urdaibaiko garai hartako entrenatzaile galiziarrak deitu zidan. Orduan, Bermeora joan nintzen entrenamendu bat ikustera. Taldeko giro sanoa asko gustatu zitzaidan, eta probatzea erabaki nuen. 

Bizi al daiteke arraunetik?

Ia ezinezkoa da. Hau ez da futbola. Gehienok lana egiten dugu.

Nola ikusten duzu arraunaren etorkizuna?

Egia esan nahiko ondo; zaletasuna sortzen ari da. Lehorrekoak ere mordoa hasi dira, azkoitiarrak barne. Jendea gogoarekin dagoela iruditzen zait.

Zer iritzi duzu emakumezkoen arraunari buruz?

Gurea bezala, haiena ere oso gogorra da. Are gehiago, baldintza horietan oraindik eta meritu gehiago dutela pentsatzen dut. Traineruan nire ondoan joan ohi denaren emaztea Zumaian aritzen da, eta gu baino gutxiago kexatzen da. Oso emakume gogorra da.

Zer behar da arraunlari ona izateko?

Buru hotza, argala, indarra, azkartasuna eta erresistentzia. Horren guztiaren nahasketa bat. Eta entrenamenduetan ordu asko sartzea.

Zein da zure ezaugarririk onena?

Erresistentzia.

Zer egiten zaizu gogorrena?

Gosea pasatzea. Kilo batzuk arte elikadura zainduta bakarrik erraz iristen zara, baina oso kontrol zorrotzak daude eta gosea pasatzea bakarrik geratzen da, gehiago argaltzeko eskatzen dutenean.

Azaro erdi aldera hasiko gara berriz entrenamenduetan, eta bitartean bi hilabeteko oporrak ditugu. Hemendik negura bitartean hamar bat kilo hartzen ditut. Orain, esaterako, inoiz baino argalago nago.

Noiz arte jarraitzeko asmoa duzu arraunean?

46 urteko bat dugu taldean, eta, oraindik, sekulako sasoia du [barrez]. Momentuz, nazkatu arte jarraitzeko asmoa dut.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide