Plaza Ondo jatetxeak ateak ireki ditu berriro

Maxixatzen.eus 2015ko abu. 14a, 09:30

Asteazkenean ireki zituen Zaharren Elkarteko Plaza Ondo jatetxeak ateak berriro. Jabe berriekin elkartu gara, eskainiko dituzten zerbitzuen eta jatetxearen etorkizunari buruz hitz egiteko.

 

Bi semeak langabezian zeudela eta Zaharretako jatetxea hartzea emazteari bururatu zitzaiola kontatu digu Javier Labakak. Andrea beste leku batean zebilen sukaldari lanetan, eta hura utzi eta hau hartzea erabaki zuten. Orain Javier, Dimarina emaztea eta Cristian eta Higo Eduardo semeek hartu dute bere gain Plaza Ondo jatetxea. Guztira zortzi langile direla azaldu digu, etxeko lau eta beste lau. Hala ere, jende falta dutela aitortu digu: “Lau aldiz joan gara Lanbidera zerbitzari bila eta ez dugu inor topatu, gero langabezia omen dago…”

Akordio ona lortu dute udaletxearekin Labakaren ustez: “Bi edo lau urtetarako akordioa dugu, eta behin denbora hori pasata berriro berritu beharko litzateke akordioa jarraitu ahal izateko”. Momentuz oso gustura daude eta jarraitzea nahiko lukete. Jendeak harrera ona egin diela azpimarratu digu, lehen joaten zirenak oraindik ere fin joaten direla.

Nolako janaria zerbitzatuko duten galdetutakoan “betikoak” eskainiko dituztela jakinarazi digu: karta, plater konbinatuak, pintxoak, errazioak … Prezioak ere antzera mantenduko direla esan digu, beste lekuen modukoak: “ garestiegi txarra da, eta merkeegi ere bai”. Oraindik ziur ez dakiten arren, erromeriak egiteko Zaharren Elkarteak zuen ohiturari eusteko asmoa ere badutela nabarmendu digu Labakak.

Jendea Zaharretara jatera nola animatuko lukeen galdetutakoan ez dakiela esan digu, horretarako formula onena “jateko goxoa” ematea dela uste baitu, jendea horrek animatzen duela eta. Momentuz, Andramaixetan lanez gainezka egongo direla aitortu digu: “nahiago nuke bukatuta baleude” [barrez].

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide