Luis Arregi: 'Gizartean ondo gaudenok erantzukizuna daukagu ondo ez daudenekin'

Maxixatzen.eus 2015ko abu. 14a, 10:04

Luis Arregi Azkoitiko Odol emaileen bulegoan.

Ez da geldirik egoteko pertsona. Odol-emaileen elkartean hogeita hamar urte daramatza, eta, fin-fin, emaileekin zuzeneko harremana landu du. Zaharren egoitzan mantentze-lanak ere egin zituen bere garaian, eta gaur egun, Caritasen ari da, Elikagaien Bankuan buru-belarri. Boluntario lan horiengatik aurten Andramaixetako txupinazoa jaurtitzeko esan diote Luis Arregiri (1948). Udaletxeko balkoira irtetea  baino, nahiago du isileko lana Luisek. Besteengandik zerbait egiten duten guztiekin eta talde-lanarekin gogoratu da elkarrizketan.  

 

Nola jaso duzu txupinazoa botatzeko gonbidapena?

Alde batetik pozik, eta bestetik ikaraz. Niri holako gauzetan azaltzea ez zait batere gustatzen. Hasieran ezetz esan nuen, eta gero, berriz deitu zidatenean, ezin izan nuen ezetz esan. Txupinazoa neuk botako dut, baina talde-lanean gabiltza, eta iruditzen zait nire inguruan dabiltzanek ere sentitu beharko luketela beraiena dela pusketa bat. Ni behintzat hobea sentitzen naiz talde-lanean hasi naizenetik, besteen ikuspegiek asko aberastu nautelako. Pentsatzen dut herrian makina bat jende egongo dela besteengatik zerbait egiten duena, eta horiek denek hemen egon beharko lukete.

Zerbait esateko asmorik bai?

Aukera emango balidate, bi hitz esango nituzke: “Elkartasunean eta alaitasunez, ondo igaro festak”. Tokatzen zait nabilen lekuan elkartasunaren kontua letra handitan esatea.

Nola ospatuko dituzu Andramaixek?

Andra Mari bezperan, iluntzean, beti bezala, tonbolan egongo naiz. Egunak horrela tokatu direlako, larunbata jai denez, ostiral arratsaldea janari bankuan pasatuko dut, janaria konbentuetara-eta eramateko.

Odol-emaileen elkartean eta Caritasen zabiltza buru-belarri. Noiz hasi zinen elkarte horietan parte hartzen?

Odol-emaileetan 30 urte egin ditut martxoan. Aberasgarria da odol kontua: Alde batetik, badakizu behar-beharrezkoa dela; eta, bestetik, jende asko ezagutzen duzu, eta denek ondo ikusten zaituzte. Caritasen desberdina da. Jubilatu nintzenean, duela lau urte hasi nintzen Caritasen. Makatzagoa da bertako lana. Ikusten duzu, egiten duzun lana egiten duzula, jendearen arazoak ez direla konpontzen. Arindu bai, akaso, baina konpondu… Gainera, arrazismo puntu bat ere badago, eta laguntza hori denek ez dute begi onez ikusten. Hori ez da gertatzen odol-emaileen kontuan; hor ez dago ez kolorerik, ez politikarik, ez ezkerrekorik ez eskuinekorik…

Zenbat odol-emaile daude Azkoitian?

700 inguru. Oso nibel handia da. Beharrak betetzeko, ehun biztanleko hiru emaile behar izaten dira, eta Azkoitian sei pasa gaude. Odol-emaile kopurua eta donazio kopurua handia da. Gipuzkoan, Donostia kenduz gero, odol gehien Azkoitian ematen da, Irunen baino gehiago. Eta pentsa, Irunek Azkoitiak baino bost aldiz biztanle gehiago ditu! Esan behar da herri txiki baten askoz errazagoa dela lan egitea; ezagutu egiten duzu jendea, eta zuzeneko harremana duzu odola ematera animatzeko. Horrez gain, Azkoitia oso herri borondatetsua da.

Odol-emaileei jarraipena egiteak hor zerikusia izango du, ezta? Bestela, ematea ahaztu batzuetan.

Bai, ibiltzen gara, taka-taka… Pixka bat latosoak izan behar dugu. Askok esaten didate: “hik ez bahukek emango abixue,gu ez gitxiake akorduaure eingo”. Beste batzuk kontua eurek eramaten dute; egutegia markatuta ematen diezu, eta eurek  kalkulatzen dute. Denetik dago. Beste batzuk urtean behin ematen dute, eman eta gero errekuperatzea kostatu egiten zaielako, eta hala ere ematen jarraitzea nahi dute! Zuzeneko harremanetik jendearen ohiturak ikasi ditut, eta oso emankorra da gogorarazten joate hori.

95 familiari janaria banatzeko lanean aritzen dira Luis Arregi eta beste zenbait lagun.

 

Erraza da odol-emaile berriak topatzea? Gazteak animatzen dira?

Ni saiatzen naiz. Probatzeko esaten diet, eta gero ondo ez bazaie joaten, berriz joan beharrik ez dutela. Probatzeke ezin jakin. Meritua ez da asko ematea. Hara joan eta gaizki pasatzen dutenena da meritua. Beso baten probatu, ezin, bestean saiatu… Mareatu egiten direnak, eta hala ere bueltatzen direnak, horiek bai meritua.

Caritasen lau urte daramatzazu. Nola bizi duzue krisi garaia? Lan asko dago?

Hasi nintzenetik gogortu egin da lana. Duela lau urte, 17 familia etortzen ziren, eta orain 95 dauzkagu. Ni, hasieran, harreran egon nintzen, bulegoan, eta niretzako ez da hori. Han batzuetan ezetz esan behar da, eta buru hotza behar da lan horretarako; nahiago dut ematen den lekuan egon harreran baino.  Laster lokal berri batera goaz Baztarrika aldera. Leku handiagoa da, eta zerbitzua hobeto emango dugula uste dugu. Bertan, janari banaketa egunero egiteko asmoa dugu. Horrela, janari freskoa hobeto aprobetxatuko dugu, eta eguneko jende gutxiago hartuta, ez dira zain egon beharko.  Hara goazenean jende gehiago beharko dugu, eta deialdia egingo dugu herrian, ea jende gehiago prestatzen den, horrela lana taldeka antolatzeko.

Ordu asko pasatzen dituzu besteei laguntzen borondatezko lanean. Zer ematen dizu horrek?

Asko. Janari bankukoa egin dudan lanik garratzena da, baina hala ere bete egiten nau. Horrelakoetan beti egoten da galtzaile bat; gure emaztea. Denbora gutxi geratzen zait etxean egoteko, eta pixkanaka lana gutxitzen joan beharko dut. Lanean denbora asko egin arren, konpentsatzen dit. Gero eta garbiago daukat gizartean ondo gaudenok erantzukizuna daukagula ondo ez daudenekin. Bai osasun aldetik, odola emanez, organoak emanez…  eta ostantzekoan ere, dirurik eman ezin baduzu ere, lana eginez, denbora eskainiz…. Hori gero eta garbiago daukat.  

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide