Besterik ez, eta, aldi berean, horrenbeste. Emateko asko, eta hartzeko batere ez! Gehienek, diru kopuru horrekin, gauza gutxi egin daitekeela esango dute. Bakarren batek, azken garaiotan gerrikoa majo estututa aurre egiten jakin duen bakarren batek, ordea, sekulako irakasbidea emango digu 25 eurok zenbateraino eman dezaketen erakusteko.

 

25 euro horiek ez dira arrazoi nagusi, inolaz ere, Maxixatzenek oraindik 480 bazkide soilik izateko. Ez behintzat, ikusita zein lasaitasunekin eta gogo onez hartu duten herritarrek garai berri honetako udal politikariek beren buruari egin dioten soldata igoera lotsagarria (guztiz legezkoa, esan dezagun bestalde, inor aztoratu aurretik). Herrian denetarik soberan dugun seinale ote?

Nago gakoa beste nonbaiten bilatu beharrean gaudela. Nik oraindik ez dut ikusi Maxixatzen bezalako proiektu bat kritikatuko duen azkoitiar euskaldunik (euskararik ez duen norbait  topatu izan dut, bai,  Maxixatzenek jasotzen duen udal diru-laguntza kritikatzen). Denek jotzen dute beharrezko, eta denei egiten zaie interesgarri herrian horrelako proiektu bat garatzea. Baina behin proiektua abian jarrita eta  500 bazkide lortu ezinean ibilita, galdera bat datorkit burura: non dago beharrezko eta interesgarri  izate hori? Non islatzen da?

Orain dela gutxi, Berria egunkarian irakurri nuen Mikel Markezek, Oskorriren agurra hizpide zuela, nola galdegiten zuen horrelako proiektu bat hiltzen uzten duen herria, herri ote den. Gakoa hor dago. “Herri-ekimenak” zerbait izateko, ezinbestekoa du “herria”; herririk eta herritarrik gabe, akabo. Herriaren sostengu zabalak egiten du beharrezko udal diru-laguntza bera ere, proiektuaren indar erakusle baita; osterantzean, aurrez aipatutako euskararik gabeko haren kritikak arrazoiz hornitzen ari gara.

Erlo telebistan aurrez aipatutako politikari horietako bat entzun nuen oposiziokoei hauek erabilitako terminoen inguruko zehaztapenak egiten. Zehazki, oposizioak politikoen gastuetan igoera aipatzen zuen tokian, honek nahiago zuela “gastua” hitzaren ordez “inbertsio” gisa izendatzea bere soldata igoera ikusgarria. Kontua da horrelakoen eskuetan uzten dugula sarri askotan herri ekimenen biziraupena bera (herriak ekimena bere eskuetan hartzeko gaitasunik erakusten ez duenean hein handi batean). Horrelako politikariek bere buruarengan egiten duten “inbertsio” oro izan ezik gainerako guztia “gastutzat” hartzen dutela jakinik, ondo legoke aurreko garaietatik ikastea, zaharrak berri izan ez daitezen Maxixatzenekin.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide