Galdutako intimitatea edertuz

Berria 2015ko uzt. 29a, 09:19

'Ostutako' argazki batzuk kolore gutxiko marrazki bihurtu, eta lekuz kanpo sentitzeaz mintzo den kutsu zinematografikoko erakusketa zabaldu du Gorka Larrañaga azkoitiarrak Donostiako Antigua auzoko Arteztu galerian.

 

Estetikoki edertasuna adieraztea kostatzen zaiola dio Gorka Larrañaga artistak (Azkoitia, Gipuzkoa, 1974). «Kitsch-agoa naiz. Komikiaren mundutik natorrelako, agian». Quentin Tarantinoren eta besteren zinematik edan duelako sortzerakoan, Jean Giraud Moebius marrazkilaria maite duelako, eta, era berean, badirelako jada hamar urte Mexiko Hirian bizi dela. «Puntu bizarro bat eman dit».

Baina horrek ez du esan nahi edertasunaren kontzeptua atsegin ez duenik. Adibidez, Maria Jesus Perez Miren artista bilbotar lagunak Facebookeko bere horman zintzilikatzen dituen argazkiak —leku eta pertsonenak batik bat—, berak egindakoak, gustatzen zaizkio Larrañagari. «Oso fina da». Beraz, horietako batzuk lapurtu, ordenagailuan manipulatu, eta kolore gutxiko marrazki malenkoniatsu bihurtu ditu Larrañagak, arkatza eta pintura erabiliz. «Bestearen iruditeria hartu eta nire barne munduarekin pixka bat nahastea izan da jokoa», azaldu du. «Intimitatea galtzekotan gauden garaiotan, hori agerian uzteko ariketa bat da Nemours erakusketa». Tamaina ertaineko hamabost marrazkirekin, bi margolanekin, beste bi objekturekin eta urtinta batekin ondu du, eta abuztuaren 8ra arte egongo da ikusgai Donostiako Antigua auzoko Arteztu galerian.

Perezek berak proposatu zion elkarrekin zerbait lantzea. 16 urte zituenean Bilbotik erbesteratu zen, eta gaztetan aktore eta antzerki zuzendari gisa aritu zen. Venezuelako telebistan ere lan egin zuen, eta badira urteak Mexiko Hirian bizi dela. Larrañagak eskolak eman zizkion hango Iberoamerikako Unibertsitatean.

 

Jarraitu irakurtzen Igor Susaetak Berria egunkarian argitaratutako erreportajea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide