"Espediente guztiak bi hizkuntzetan egin behar al dira?"

Argia.eus 2015ko uzt. 24a, 08:49
"Nola norbaitek espedientearen zati bat gaztelaniaz eska dezakeen edo eskatu duen, hasieratik egingo dugu dena gaztelaniaz. Ez du zertan" (Argia)

Begoña Garmendia Errezilgo Udalean idazkari-kontuhartzaile izan zen 1988tik 1997ra arte; ordutik 2006ra arte, Usurbilgo Udaleko idazkari. Gaur egun Azkoitiko Udaleko idazkaria da. Udal barruko jardueran hizkuntzak nola kudeatzen diren ikusi du. Euskara hutsean aritzen saiatzeko, etengabe, lege zirrikitu bila aritu behar dela dio.

 

Azkoitiko Udalean, Carlos Urquijo Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariaren bisitarik izan al duzue?

Bere garaian udalak onartutako kontratazio irizpideen kontra egin zuen. Foru Aldundiko Euskara zuzendaritzarekin batera aztertu genuen, eta autonomia erkidegoko Auzitegi Gorenak bertan behera botatzeko aukera asko zeudenez, atzera jotzea erabaki genuen. Orain, lehen ez bezala, kontratazio espediente bakoitza aztertzen dugu, eta bertan txertatzen dugu hizkuntza irizpidea. Auzia horrela bukatu zen.

Errezilen, Usurbilen eta Azkoitian aritu zara lanean. Zein ondorio atera dituzu hizkuntzaren kudeaketari dagokionez?

Galdera zaila da hori... Niretzat, garrantzitsuena, marko orokorrak zer esaten duen kontuan hartzea da. Alde batetik, esaten du herritarrek eskubidea daukatela administrazioarekin dituzten harremanetan beraiek aukeratzeko hizkuntza, eta bestetik, administrazioak herritarren eskubidea errespetatzeko betebeharra duela. 

Kontua da hori dena euskararen normalizazioarekin nola lotzen den.  Euskararen Legeak dio administrazioak bi hizkuntzetan aritu behar duela, beraz, horrek zer esan nahi du espediente guzti-guztiak bi hizkuntzetan egin behar direla? Nire ustez, elebitasun mekanikotik haratago joan behar dugu, bestela erdara nagusitzen da, erremediorik gabe.

Euskararen Legea aipatu duzu.

Bere garaian aurrerapena izan arren, lege markoa oso murritza da eta zaharkituta dago, ez da gai euskararen normalizazioaren prozesua aurreratzeko udal administrazioetan. Batez ere Euskararen Legeaz ari naiz. Une honetan oztopo handienetarikoa da euskaraz funtzionatu nahi duten udalentzat, edo euskararen normalizazio prozesuan aurrerapausoak eman nahi dituztenentzat.

Zein da aukera, orduan?

Euskararen Legea aldatzea, noski.

Eta Udal Legea?

Hizkuntza aukeratzeko herritarren eskubidea eta administrazioaren betebeharra. Horiek baldintzatu behar dute espediente guztien tramitazioa? Horren ondorioa izaten da espedienteak erdaraz bakarrik, edo gehienez, ele bitan osatzea. Kontua da zer egiten dugun euskararen normalizazioan pausoak emateko, adibidez, espedienteak euskara hutsez izapidetzea, edo herritarrek gaztelania erabiltzea aukeratzen dutenean, espediente horien zatiak (barne-txostenak,  ofizioak...) euskaraz egitea.

Zer esan nahi duzu, marko horren arabera udalek espediente osoak gaztelaniaz egiteko joera dutela?

Joera baino irizpidea. Nola norbaitek espedientearen zati bat gaztelaniaz eska dezakeen edo eskatu duen, hasieratik egingo dugu dena gaztelaniaz. Ez du zertan. Herritarrak bere eskaera gaztelaniaz egin dezake, erantzuna ere gaztelaniaz emango zaio, eskatuko du espediente osoko halako zati nahi duela... baina gainerako guztia euskaraz manten daiteke.

Udal Legeak ahalbidetu dezake hori. Ez dakit zergatik egiten dien aipamen berezia aktei, zergatik ez duen aipamen zabalagoa egiten, gainontzeko espedienteak ere zergatik ez dituen kontuan hartzen.

Ausardiaz jokatu behar dela diozu.

Ausartak, baina ez arduragabeak. Dena dela, gehienetan legearen hitzez hitzeko interpretaziora mugatu gara. Euskararen Legeak dio ele bitan egin behar dela, bada dena ele bitan egingo dugu. Bi zutabekoarekin bukatu behar dugu, gure udaletan euskararen erabilera normalizatua lortu nahi badugu. Ausarta diodanean esan nahi dut dauden aukerak aztertu behar ditugula, udalerri bakoitzaren errealitatea ahaztu gabe. Nire ustez, udaletan lan egiten dugunok galdera hau  egin beharko genioke geure buruari: Nik zer egin dezaket nire eguneroko jardunean? Seguru nago gauza berriak egingo genituzkeela.

Irakurri elkarrizketa osoa Argia.eus-en.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide