AEK-ren bulegoan lapurreta egin dute beste behin

Maxixatzen.eus 2015ko uzt. 22a, 15:49
Kultur Etxeko AEK-ko bulegoko atearen egoera, lapurreta egin ondoren.

Hirugarren aldiz egin dute lapurreta AEK-ko bulegoan; ordenagailu eramangarri bat eraman dute. 

 

Pasa den astelehen goizean Maxixatzeneko lantaldeak eman zien lapurretaren berri Udaltzaingoiei, AEK-ren Kultur Etxeko bulegoko atea guztiz apurtuta ikusi zutenean. Udaltzainek AEK-ko arduradunekin jarri ziren harremanetan, eta hauek segituan protokolozko salaketa jarri zuten. Astelehenean bertan, arratsaldean, ertzainak bulegoan izan ziren bulegoa arakatzen.  

AEK-ko lantaldea udako oporraldian dago eta bulegoa hutsik zegoen ekainetik. Ez da hau izan ordea, bulegora sartu diren aurreneko aldia. 2012ko irailean ordenagailu eramangarri bat lapurtu zieten eta duela lau hilabete, berriz, Korrika-ko arropekin aurreztutako diru guztia. Gainera, orduan, inguruko beste bulegoetako ateak ere behartu zituzten, tartean, Maxixatzenena. 

AEK-z gain beste hainbat taldek dute bulegoa Kultur Etxean, eta zapatuan bulegoetako batean zegoen lekuko batek Maxixatzeni jakinarazi dionez lapurreta zapatuan egin zuten 18:00etatik 21:00etara bitartean. Bertako langileek segurtasun gehiago eskatzen diote Udalari, horretarako "neurri zorrotzagoak" eta "kontrol handiagoa" ezarriz.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide