Juan Ignacio Uria Epelde; Franco ondorengo lehen alkatea

Naroa Olalde 2015ko uzt. 16a, 09:29
Anaitasuna eta Lagun Onak futbol taldeen arteko partida.

Maiatzaren 31n hil zen Juan Ignacio Uria Epelde. Asanblada Konstituziogileko senataria, Eusko Legebiltzarreko ordezkaria Madrilen, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko presidente eta zuzendaria izan zen, besteak beste. Baina guk alkate izan zeneko garaiak gogoratu nahi izan ditugu.

 

1976-1979 urte bitartean berarekin udaletxean jardun zuten Juan Luis Elorza Etxeberria eta Alejandro Castillo Zulandegirekin elkartu gara garai hartaz eta Juan Ignacio Uriaz gehiago jakin nahian.

   Ez ziren garai errazak. Franko hil ondoren Eduardo Olanok, orduko alkatean dimititu egin zuen. Politika egiteko modu berriak nahi zituen herriak eta Uriari proposatu zioten alkate izateko. Txema Urrutiak idatzitako “Alcaldes en lucha” liburuan Uriak berak azaltzen duenez nahiko modu arraroan. Egun batean herriko 40 bat lagun joan omen

zitzaizkion etxera, arlo desberdinetakoak. Guztiek, aho batez,  nahi omen zuten bera alkate izatea. Hasiera hartan, ordea, ezetz esan zuen Uriak. Ondoren, bera presionatzeko sinadura biltzen hasi omen ziren eta 600 bat herritarren sinadurak lortu omen zituzten. Mugimendu hori ikusita baiezkoa eman zuen Uriak. Elorzak eta Castillok azaldu digutenez herriak Uria nahi zuen alkate. Eta udaletxeko zinegotziek, orduan zinegotziek aukeratzen baitzuten alkatea, alkate izendatu zuten. Udala hiru herenen teoriaren arabera osatzen zen. Heren bat sindikatuetako ordezkariak, heren bat “familiaburuak” zirenak eta beste herena atal kulturalekoa. 1976ko otsailaren 1ean hartu zuen kargua Uriak.

   Garai hartako udaletxeko lanez galdetzean politika beste modu batera egiten zela esan digute Juan Luisek eta Alejandrok. Zegoenarekin herria kudeatzen ahalegintzen ziren; 25 edo 26 milioiko aurrekontua omen zuten.

   Ikastolak sortu berriak ziren. Aurreko urteetan borrokan aritu omen ziren ikastola ere gainontzeko herriko ikastetxeak bezala pinta zezaten, baina beti erantzun bera izaten omen zen, ez zegoela dirurik. Uria alkate zenean gaur egungo Xabier Munibe ikastetxea denaren lurrak erostea lortu zuten eta ondoren ikastola eraikitzea.

   Uriak kontaktu asko zituela gogorarazi digu Castillok, jende asko ezagutzen omen zuen. San Jose egoitza eraikitzeko proiektua ere bera alkate zen garaian hasi omen zen, eta garai hartan bederatzi edo hamar milioi ekarri omen zituen.

 

Argazkian: Alejandro Castillo Zulandegi eta Juan Luis Elorza Etxeberria, J.I. Uria ondo ezagutu zuten bi azkoitiar. 

 

   Jenio bizia omen zuen eta ezetz esaten ere ba omen zekien. Juan Luisek gaur egun Floreagako ikastetxean garai hartan zeuden “mesedetako” fraideekin gertatutako pasadizoa ekarri du akordura. Fraideek eskolan futbol zelaia egiteko dirua eskatu omen zuten. Joan omen ziren eskola ikustera eta sarrera narras xamar aurkitu omen zuten. Dena lokaztuta. Hura txukundu arte dirurik ez ziela emango esan omen zien Uriak. Bera han ikasitakoa zela eta umetan txukunago egoten zela sarrera hura. Dirua nahi bazuten, txukuntzeko ataria.

   Herriko kontuez gain Euskal Herri mailako mugimenduetan ere aritu zen. Aurretik Juan Luisek hasitako bidea jarraituz, Bergarako alkateen mugimenduan parte hartu zuen Uriak. Foruzale porrokatua zen. Ikurrina legeztatu bezperetan, 1977ko urtarrilaren 16an, alkateen mugimenduak ekitaldia antolatu zuen Etxarri-Aranatzen. Azkoititik, herriko bandera hartuta, auto batean abiatu omen ziren udaletxeko hainbat ordezkari, tartean Uria, Juan Luis eta Castillo. Zegama aldera hartzerakoan Guardia Zibilek alto eman zieten. Uria Guardia Zibilekin berriketan aritu omen zen, herriko banderaren esanahia azaldu… Hala ere, ez zuten lortu pasatzea, eta buelta hartu eta Bergarara joan omen ziren.

  Etxarriko ekitaldia debekatu egin zuen Gobernazio Ministerioak.

Etxarrira iritsi ez ziren alkate, zinegotzi eta herritar ugari Bergaran bildu ziren azkenean eta amnistia, foruak eta euskararen ofizialtasuna eskatzen zituen mozioa onartu zuten. Mozioa eta gero Etxeberrira joan omen ziren bazkaltzera. Bazkaria nork ordaindu zuen ez dute argi, bakoitzak berea edo Uriak ordaindu zuen bere poltsikotik. Horrelakoa omen zen. Ikurrina urtarrilaren 17an legeztatu zen, eta Azkoitiko udaletxean jarri zuten egunean xanpainarekin ospatu omen zuten Uriaren etxean. 

   Hauteskunderik egin ez arren, herriak aukeratutako alkatea izan zela azpimarratu dute Juan Luisek eta Alejandrok. Udalean lan egiteko beste modu bat ekarri omen zuen, asanblearioagoa eta alkatetzari distira eman omen zion.

   Castillok eta Elorzak gogoratzen dutenez pertsona ona zen Uria, “fenomeno” bat, hitz-jario handikoa. Fidel Castro txiki utziko lukeela komentatu dute biek barrez elkarrizketa amaieran.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide