Aleson, EhunMilak mendi lasterketan garaile

Maxixatzen.eus 2015ko uzt. 11a, 19:29
Imanol Aleson, Nahia eta Libe alabekin, helmugara sartu denean.

EhunMilak mendi lasterketaren VI. edizioan lehen postua eskuratu du Imanol Aleson korrikalari azkoitiarrak.  24:11:04 ordu behar izan ditu 167 egiteko. 'Hau izan da gehien gozatu dudan edizioa. Orain artekoetan onena izan da niretzat', azaldu du Alesonek.

 

Imanol Aleson mendi korrikalari azkoitiarrak irabazi du EhunMilak mendi lasterketaren VI. edizioa. Atzo arratsaldeko 18:00etan abiatu zen lasterketa Beasaingo plazatik, eta gaur 18:11an amaitu du proba Alesonek.

Lehia estua izan du, ia amaiera arte, Jerome Rodrigues portugaldarrarekin. Ibilbide ia osoan minutu gutxiko aldearekin ibili dira bi lasterkariak.  Etxegarateko kontrolguneraino azkoitiarra Rodriguesen atzetik ibili da.

Aleson, Amezketako kontrolgunean

Oazurtzan izan dute hurrengo kontrolgunea, eta han Aleson aurretik jarri da. Hortik aurrera, poliki poliki, bi korrikalarien arteko aldea handitzen joan da, eta Mutiloan, jada, 18 minutuko aldea atera dio azkoitiarrak bigarrenari. Alde horri eutsi dio amaierara arte.

Helmugan, herritar ugari zain zituen Alesonek, eta txaloz hartu dute. Ibilbide osoan zehar lagundu dion Ixaka Oñederra laguna besarkatu ondoren, Nahia eta Libe alabei eskutik helduta sartu da helmugara.

 

Helmugan, alabekin

2010 eta 2013an ere irabazi zuen EhunMilak mendi lasterketa Alesonek.  

Lasterketa amaituta antolatzaileek egin dioten elkarrizketan, Alesonek esan du gaurkoan 'gozatu' egin duela. 'Hau izan da gehien gozatu dudan edizioa. Orain artekoetan onena izan da niretzat', adierazi du. Lasterketa 'gogorra eta 'lehia handikoa' izan dela aitortu du korrikalariak.

9 azkoitiarrek hartu dute parte EhunMilak proban eta 14k G2 Handiak lasterketan. Bihar goizean egingo den Marimurumendi Mendi Maratoian, berriz, herritar batek eman du izena.

Hemen, EhunMilak eta G2H lasterketetako denborak.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide