'Pilotarhitza' ikuskizuna, Oteiza Pilotakuetan

Dantza, bertsolaritza, musika eta pilota uztarri berean jarrita agertuko dira, bihar, Oteiza Pilotalekuetan, Hebentik taldearen eskutik. Eneritz Artetxe bertsolari azkoitiarrak hartuko du parte, besteak beste, ikuskizunean. 22:00etan hasiko da ikuskizuna, Udalak antolatuta.

Hasteko, Nestor Basterretxeeak eta Fernando Larrukertek 1964. urtean elkarlanean zuzendu zuten Pilotari film laburra ikusteko aukera izango da. Bermeon grabatutako lan honetan, Atano III, Atano X, Kortabitarte, Akarregi, Ogeta eta Gallastegi pilotari handiak azaltzen dira.

Ondoren, pilota jokoaren inguruan egindako 'Pilotarhitza' ikuskizunaren txanda etorriko da. Dantzarien eta pilotarien mugimenduen arteko parekotasunetatik abiatutako emanaldi hau Mizel Theret biarriztar koreografoak sortua da.

Bertsolaritza da emanaldiaren oinarrietako bat, eta bihar, Eneritz Artetxe bertsolari azkoitiarra izango da ikuskizuna hitzez jantziko duena.

'Pilotarhitza' Hebentik taldearen koreografia da. Dantzarien eta pilotarien mugimenduen arteko parekotasunetatik abiatuta, musikarekin eta hitzarekin osatu dute ikuskizuna. Mixel Etxekoparrek izandako ideia batetik abiatuta, Mizel Theret biarriztar koreografoak egin zuen ‘Pilotarhitza’.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide