“Produktuak baloratzean balioztatzen da baserritarren lana”

Pintxo Ta Mintzo arrakastatsua izan zen aurreko ostiralekoa, antolatzaile eta parte hartzaileen arabera

Pasa den ostiralean lehen sektorearekin zerikusia zuten bailara osoko zein

probintziako beste eragile asko elkartu ziren Arroa Beheko Ederki elkartean

antolatutako Pintxo ta Mintzo ekitaldian. Bertan, mahaiaren bueltan, 30 lagunetik

gora; adin, jatorri, lanbide… desberdinekoak. Ia gizartearen arlo guztiak bertan islatuta

zeudela esan daiteke. Ekoizleak, kontsumitzaileak, ekintzaile berriak, baserritarrak,

saltzaileak, banatzaileak, administrazioko teknikariak, jubilatuak, arrantzale ohiak…

denetarik, bakoitza bere iritzi eta esperientziekin.

 

 

Gai ugari eta anitzak lantzeko parada izan zen ekitaldiak iraun zuen ia hiru ordutan.

Pintxo ederrak dastatuz afaldu bitartean belaunaldi aldaketez, nekazal politikez,

kontsumitzaileen ohiturez, lehen sektore ekologiko eta jasangarriaz, bertara aplituriko

teknologia berriez… hitz egin zen besteak beste.

Horrelako ekitaldi batean zaila da ideia bakar bat definitzea, izan ere, ideia ugari eta

pisuzkoak plazaratu ziren. Esaterako, garbi geratu zen administrazioetatik urteetan

aplikatu izan diren nekazal politikak ez direla baliagarriak izan. Dagoen sektorea

indartu eta bertatik langile zein ekoizle berriak, negozio bide berriak, lortu edo sustatu

beharrean, askotan beste lurraldeekin alderatu eta kopuruan bakarrik oinarritu izan

baitira. Kopurua handitu eta ez sendotu. Oro har, lehen sektoretik bizi direnekin

zuzenean hitz egin beharrean, bulegoetatik eta hipotesietan oinarrituta egin direlako

politikak eman da akatsa.

Krisiak zerbaitetarako balio izan badu, bertan zeudenen ustez, kontsumo ohiturak

aldatzeko izan da. Pixkanaka kontsumitzaile arduratsuagoak sortzen ari dira.

“Kontsumitzaile mota guztietarako dago merkatua, eta eskaintza guztietarako

bezeroak; baina alferrik da bertakoari edo kontsumitzen duen produktuari baliorik

ematen ez dion bezeroan ahaleginik egitea, besteetan jarri behar dira indarrak

lehenengo, lehenetsi sektorea baloratzen duena”. Izan ere, ekoizleek beraien lana eta

lanbidea gutxietsita ikusi izan dute askotan Pintxo ta Mintzon azaldu zutenez. “Gure

produktua erosi eta baloratzen dutenean ematen diote balioa gure sektoreari eta gure

lanari; tristea da azokara joan eta produktuarekin bueltan etxera etortzea”. Datuek

diotenez Euskal Herrian ekoizten den produktu kantitatea ez da nahikoa bertako

gizarte osoarentzat, horregatik, beste eskaintzak ere behar dira eta beraien bezeroak

dituzte, “penagarria da ordea, ekoizten den horretarako kontsumitzailerik ez aurkitzea

adibidez”. Askotan, produktua saltzea bera izaten da arazo nagusia irtenbide baino.

Produktu mota eta sektoreari dagokion presio fiskala eta laguntzen urritasunak ere ez

du lehen sektorea pizten. Dena den, parte hartzaileek garbi zuten ez dagoela

administrazioaren zain egoterik, “norberak bere lana egin behar du, eta

administrazioak lagundu beharko luke, baina bitartean bakoitzak egin behar dugu

aurrera”.

Arrakastatsua

Urolab-ek, Urola bailarako ekintzaileen plataformak, antolatuta eta Ederki

Elkartearekin lankidetzan egin zen lehen sektorearen Pintxo ta Mintzoa Baserritik.com

eta Zestoako Udalaren babesarekin. Antolatzaileak oso pozik daude bertan lortutako

emaitzekin, ideia trukaketarekin eta lortutako giroarekin. Bai elkartetik zein Urolabetik

eskerrak ematen dizkiete bertan izan zirenei eta lagundu zuten guztiei; era berean,

espero dute han, mahaian, azaldutakoak eta bururatutakoak ez gelditzea maila

horretan eta ekintzak bultzatzea.

“Arroan bizitakoak formatuaren egokitasuna erakusten du” horregatik, aurrerantzean

beste gai edota sektoreei egokitutakoak egitea pentsatzen dute.

Pintxo ta Mintzo

Tokiko produktuekin egindako pintxoak dastatzeko aitzakiarekin aukeratutako gaiaz

hitz egin eta bertan elkartutakoen artean solasaldia sustatzea helburu duen ekintza da

Pintxo ta Mintzo. Bakoitzaren iritzi pertsonalak egoera informal batean plazaratu eta

besteekin elkartrukatzea bilatzen du Urolabek ekimen honekin. Unean-unean, beste

talde eta elkarteekin lankidetzan antolatu ohi du ekintza hau. Kasu honetan, Arroa

Beheko Ederki elkartearekin lankidetzan eta Baserritik.com-en zein Zestoako Udalaren

babesletzarekin.

Urolab

Ekintzailetasuna sustatu eta babesteko sortutako taldea da. Ekintzaileei laguntza eta

babesa ematea du helburu, baina baita gizartean ekintzailetzaren arra piztea. Taldeak

bailara osoko udalen babesa lortu du, baita Iraurgi Berritzen tokiko garapen

agentziarena edota Gipuzkoako Foru Aldundiarena zein bestelako eragile batzuena.

Eguneroko jardunean bailarako eta bestelako elkarte, norbanako eta enpresekin eskuz

esku dabiltza lanean.