'Pintxo eta mintzo' jardunaldi arrakastatsua

Pasa den ostiralean Pintxo eta Mintzo jardunaldia izan zen Arroa Beherko Ederki elkartean, eta antolatzaileak oso pozik daude bertan lortutako emaitzekin, ideia trukaketarekin eta lortutako giroarekin.

Lehen sektorearekin zerikusia zuten bailara osoko zein probintziako beste eragile asko elkartu ziren. Guztira, adin, jatorri eta lanbide desberdineko 30 lagunetik gora. 

 

Gai ugari eta anitzak lantzeko parada izan zen ekitaldiak iraun zuen ia hiru ordutan. Pintxo ederrak dastatuz afaldu bitartean belaunaldi aldaketez, nekazal politikez, kontsumitzaileen ohiturez, lehen sektore ekologiko eta jasangarriaz, bertara aplituriko teknologia berriez... hitz egin zen, besteak beste. 

Horrelako ekitaldi batean zaila da ideia bakar bat definitzea, izan ere, ideia ugari eta pisuzkoak plazaratu ziren. Esaterako, garbi geratu zen administrazioetatik urteetan aplikatu izan diren nekazal politikak ez direla baliagarriak izan. Dagoen sektorea indartu eta bertatik langile zein ekoizle berriak, negozio bide berriak, lortu edo sustatu beharrean, askotan beste lurraldeekin alderatu eta kopuruan bakarrik oinarritu izan baitira. Kopurua handitu eta ez sendotu. Oro har, lehen sektoretik bizi direnekin zuzenean hitz egin beharrean, bulegoetatik eta hipotesietan oinarrituta egin direlako politikak eman da akatsa.

 

 

Krisiak zerbaitetarako balio izan badu, bertan zeudenen ustez, kontsumo ohiturak aldatzeko izan da. Pixkanaka kontsumitzaile arduratsuagoak sortzen ari dira. “Kontsumitzaile mota guztietarako dago merkatua, eta eskaintza guztietarako bezeroak; baina alferrik da bertakoari edo kontsumitzen duen produktuari baliorik ematen ez dion bezeroan ahaleginik egitea, besteetan jarri behar dira indarrak lehenengo, lehenetsi sektorea baloratzen duena”. Izan ere, ekoizleek beraien lana eta lanbidea gutxietsita ikusi izan dute askotan Pintxo ta Mintzon azaldu zutenez. “Gure produktua erosi eta baloratzen dutenean ematen diote balioa gure sektoreari eta gure lanari; tristea da azokara joan eta produktuarekin bueltan etxera etortzea”. Datuek diotenez Euskal Herrian ekoizten den produktu kantitatea ez da nahikoa bertako gizarte osoarentzat, horregatik, beste eskaintzak ere behar dira eta beraien bezeroak dituzte, “penagarria da ordea, ekoizten den horretarako kontsumitzailerik ez aurkitzea adibidez”. Askotan, produktua saltzea bera izaten da arazo nagusia irtenbide baino.

Produktu mota eta sektoreari dagokion presio fiskala eta laguntzen urritasunak ere ez du lehen sektorea pizten. Dena den, parte hartzaileek garbi zuten ez dagoela administrazioaren zain egoterik, “norberak bere lana egin behar du, eta administrazioak lagundu beharko luke, baina bitartean bakoitzak egin behar dugu aurrera”.