Lehen sektoreaz eztabaidatuko dute 'Pintxo ta Mintzo' jardunaldian

Argazkia: Baserritik.com

Urolabek antolatutako bigarren Pintxo ta Mintzo jardunaldiak izango dira ekainaren 19an, 20:00tan, Arroa Beheko Ederki elkartean. Urola bailara osoko lehen sektoreko eragileak elkartu nahi dituzte.

Ekintza irekia da eta lehen sektorean interesa duen edonorentzat dago zabalik. Janedanean lehen sektorearen egungo egoeraz zein etorkizuneko erronkei buruz hitz egitea da asmoa. 

Tradizioan oinarrituta edo berritzailea? Ekologikoa? Etxekoa edota industriala?... Horrelako zein bestelako galdera askoren inguruan hausnartzea bilatzen du Urolabek antolatutako bigarren Pintxo ta Mintzo jardunaldiak. Tokiko produktuekin egindako pintxoak dastatzeko aitzakiarekin aukeratutako gaiaz hitz egin eta bertan elkartutakoen artean solasaldia sustatzea helburu duen ekintza da Pintxo eta Mintzo.

Bakoitzaren iritzi pertsonalak egoera informal batean plazaratu eta besteekin elkartrukatzea bilatzen du Urolabek ekimen honekin. Unean-unean, beste talde eta elkarteekin lankidetzan antolatu ohi du ekintza hau. Kasu honetan, Arroa Beheko Ederki elkartearekin lankidetzan eta Baserritik.com-en babesletzarekin.

Lehen sektorea aukeratu dute eztabaidarako.Izan ere, sektore hau gure ekonomia tradizionalaren oinarria izan da historian, eta gaur egun geroz eta jende gehiagok planteatzen du bertatik bere bizimodua egitea. Baina baloratzen al da baserritarren lana? Hori datorren ostiraleko Pintxo eta Mintzoan ikusiko da.

Parte hartu nahi duenak aurrez izena ematea ezinbestekoa da, mahaiaren bueltan eta jan edanean izango den solasaldiak aforo mugatua duelako. Afaria jardunaldien izenemate kuotaren barnean dago, hau da, 15€. Prezio horretan pintxo dastatze formatuan egindako afaria izango dute bertaratzen diren guztiek, pintxo gozo eta gaziekin, lehen sektoreko erronkez hitz egiten duten bitartean.

Izena eman edota informazio gehiago nahi dutenek urolabtaldea@gmail.com edo 685 789 318 telefonora jo dezakete.