Herriaren premiak aztertu eta proiektuak proposatu dituzte mahai inguruan

Urola Kostako Hitzak, Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak eta Erlo Telebistak elkarlanean antolatuta, lehenengo aldiz hauteskundeetako mahai ingurua egin zen asteazkenean Elkargunean. Parte hartzeaz, Azkoitia Lantzenez, hondakinez, ekonomiaz, elkarbizitzaz, berdintasunaz eta beste hamaika gaietaz euren iritziak eta asmoak azaldu zituzten Elkargunean, Irene Elorzak gidatuta. 

Antolatzaileek udal hauteskundeetara herrian aurkeztu diren talde politiko guztiak gonbidatu bazituzten ere, arrazoi desberdinak medio, azkenean Urrategi Alberdi EH Bilduko alkateagaiak eta Jose Joakin Etxaniz Azkoitia Bairen zerrendaburuak hartu zuten parte. 

Azkoitia Lantzenen auziez galdetuta, Alberdik erantzun zuen “gauza askok” baldintzatzen dutela sozietate publikoaren etorkizuna. Aste honetan Asier Aranbarri alkate ohia inputatu dela jakin eta gero, azaldu zuen Kontu Auzitegiak 2010eko kontuak aztertu zituela, eta handik hasi zituela aurre diligentziak Azpeitiko epaitegiak. “Ez dakigu zer etorriko den. Batetik, Oñartxoko lixibiatuen ardura nork duen argitzeko dago. Intsaustin egin zuten proiektua ere bideraezina da, konpromisoak hartuta daude”. Besteak beste erakundeen gardentasuna bermatzeko, udal barruan adituak txertatu beharko liratekela uste du Etxanizek.

Hain zuzen, hurrengo agintaldian ere parte hartzean sakondu nahi du Azkoitia Baik, eta horretarako, udalaren funtzionamendua aldatu behar dela uste du, besteak beste batzordeetan herritarrei eta adituei parte hartzeko aukera emanez. “Agintaldian behin baino gehiagotan entzun da inposaketa hitza, baina inoiz baino parte hartze handiagoa egon da”. Alberdik, arlo honetan, berretsi zuen parte hartzea “oinarrizkoa” dela, eta “frogatuta” dagoela herritarrekin batera egiten diren proiektuek emaitza hobeagoak izaten dituztela. Urbanue autobus zerbitzuaren proiektua jarri zuen adibidetzat: “Herritarren ekarpenetatik abiatuta, aldaketa pila bat egin dira ordutegietan, ibilbideetan…” Dena den, arlo horretan oraindik asko dagoela ikasteko adierazi du, eta orain arteko formuletatik haratago, besteak beste auzo elkarteak sortu daitezkeela adierazi du.

Beldurra, elkarbizitzaren oztopo

Ekonomia berpiztu eta langabeziari aurre egiteko talde bakoitzak bere proposamena ere azaldu zuen; Bilduk, eragile ekonomikoekin bide bat garatu eta sare bat osatzeko asmoa du, eta ekintzailetasuna sustatzeko eta energiari buruzko hainbat neurri hartu behar direla azpimarratu du: “Energia gutxiago eta bertan sortzen badugu, ekonomia hazi egingo da. Horrek izan behar du bidea”. Azkoitia Baik, berriz, herriko merkatariei laguntzeko neurriak proposatu zituen: “Merkatariek euren proiektuak aurrera ateratzeko modua ez badute, udalak eta bankuek badituzte lokal batzuk, eta modu onean jarri ditzakete haien esku”. Baserritarrei hobariak jarri behar zaizkiela ere uste dute.

Elkarbizitzaren gaian, aste honetan pil-pilean izan den beste gai batez hitz egin zuten: “Tristea da halako erreakzioak ikustea. Errezatzeko dira meskitak, bakean joaten dira. Beraz, ez da arazoak sortzen dituen leku bat. Funtsean, beldurrak daude honen atzean. Neurriak hartzea beharrezkoa da, elkar ezagutu eta beldurrak kentzeko. Herri heldu batek aurrea egin behar dio honi, eta udalari dagokio hori egitea”, esan zuen Alberdik. Azkoitia Bairen ustez ere, oinarrian “beldurra” dago, eta halako jarrerekin “gure umeei ere beldurra sartzen ari gara”.

Herri galdeketa, data onean ez

Elkarbizitzan bezala, hondakinen kudeaketan ere pauso gehiago hartu behar direla uste dute biek. Azkoitia Bairentzat, sistema baino emaitzak dira garrantzitsuenak, eta bosgarren edukiontziaren sistema probatzeko prest azaldu zen, beti ere helburuak lortzen badira. Bilduk, berriz, azpimarratu zuen herritarrek aldaketa egin dutela, eta horrek katea ekarriko duela. Dena den, neurri gehiago hartu beharko direla azpimarratu zuen; hala nola, saltoki handietan eta enpresetan eragitea eta hondakin gutxiago lortzea aipatu zituen.

Autokritikarako tartea ere izan zuten: “Jende bat kanpoan geratu da. Ez dugu lortu prozesura batzea, eta helburuak adosteko ez gara batzuengana iritsi”, uste du Alberdik. Herri galdeketaz ere, aitortu du ez zela izan herritarrei galdetzeko “unea”. “Beranduago egin beharko zen, sistema ondo finkatuta zegoenean. Baina hauteskunde aurretik egin behar izan dugu”. Etxanizek, berriz, aurkako iritzia du; honen ustez, hobe zuten galdeketa sistema mistoa jarri baino lehen egitea.

Oro har, eztabaida gutxiko saioa izan zen, eta horretarako aukera eman zuen gai bakarrenetakoa izan zenMaxixatzen aldizkariarena. Biak ala biak agertu ziren proiektu komunikatibo berritua babesteko prest, baina Azkoitia Bai Kontzejupetik udal aldizkaria kendu eta haren partida Maxixatzenera bideratzeko prest azaldu zen; “beste bide batzuk bilatu beharko dira udal kontuez informatzeko”. Alberdik, berriz, bakoitzak bere funtzio propioa duela iritzi zion; “batak ez du bestea kentzen”.

Azkoitia Bai, bozetan bigarren itzulia egiteko prest

Euskararen, berdintasunaren eta kulturaren inguruan ere “asko” dagoela egiteko adierazi zuten. Azken honi dagokionez, udalean “inertzia” ugari daudela aitortu zuen Alberdik; “jendearekin batera joan behar dugu nolako kultura nahi dugun zehazten, eta horretarako kultur mahaia indartuko dugu”. Etxanizek, berriz, elkarteekin lau urteko hitzarmenak lotzea proposatu zuen.

Datozen udal hauteskundeei galdetzean, helburu desberdinak dituzte batak eta besteak; Azkoitia Baik hiru zinegotzi lortzeko esperantza azaldu zuen, eta EH Bilduk hasitako proiektua beste lau urtetan finkatzea nahi du. Hauteskundeak egin ondoren, talde guztiekin bilduko da Azkoitia Bai, baina aurreratu du bozen “bigarren itzulia” egiteko prest dela, herritarrek gehien bozkatu dituzten alderdien artean, alkatetza nori eman aukeratu dezaten.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide