Kepa Alberdi EH Bilduko hautagaiaren gutuna: 'Aldaketa haizeak jarrai dezan'

Maxixatzen.eus 2015ko mai. 13a, 16:16

Dela lau urte aldaketa haizea heldu zen Azkoitiko herrira. Bilduk, udala beste era batera kudeatzea badagoela, gauzak beste era batera egitea badagoela erakutsi du arraz gero, aitzindari diren ideia berritzaileekin. Ameslariek, kritikoek eta iritzi propioa zeukatenek ez zuten lekurik eta ahots propiorik ordura arte, besteek erabakitako neurrien morroi ziren.

Nagia kendu eta imajinazioa astinduz, pauso bat harago zihoazen ideiekin ikusle eta irakurle bakarrik ziren herritarrak protagonista izaten hasi ziren, ahots propioa edukiz, guztion iritziak bere espazioa irabazi baitu azken urteotan.

Lau urte pasa dira bai, eta berriro ere udal hauteskundeak gainean ditugu. Berriro ere, beste behin, gure herrian giro nahasia somatzen da eta oso adierazgarriak diren jarrerak ikusten hasiak gara alderdi baten aldetik, politikari errentagarritasun partidista atera nahian, nola edo hala azkoitiarren udala gobernatzeko. Hor zabor bilketaren gaia, Bilduk burututako kudeaketa eskasa eta ezer ez eginaren akusazioak; mezkitaren kontuak ere orain irten beharra,…. nor nahastu nahi dute? Ez al dute hobe beraien alderdi barruko katramilak konpontzen hastea, lehengo alkatea, inputatua izan den honetan? Herritarren borondatea aipatzen dute behin eta berriz kanpainan eta herri galdeketa eskatu dute dela gutxi zaborraren bilketaren harira. Isiltasuna jarrera inteligentea izaten da holakoetan, inor gutxik gogoratuko baitu alderdi jeltzaleak eginiko kontsultarik. Zaborrari dagokionean hemen bertan daukagu Oñederko afera larria, hori bai benetako zabor arazoa. Hori aitaren batean erabaki zuten hainbeste legealditan iritzia ezertarako eskatu ez digutenek. Nork ahaztu dezake hori? 

Ba antza denez, hainbatek. Bitako bat, guztia solemnitatez estaltzen dute, beste aldera begiratu eta entzungor eginez edo memoria amnesikoa dute. Konplexuz betetako portaerak somatzen ditut, akaso digestio arazoak ere bai, azken urte hauetan proiektu sendoak izango diren urrats esanguratsuak eman baitira, beraien esanetan ezertarako gaitasunik ez zuen talde abertzalearen eskutik. Aurretik agintaldian zeudenek egindako kudeaketaren ondorioz Bilduk kiebra arriskuan hartu zuen udala, hainbat proiektu aurrera eramatea eragotziz..

Azken 30 urtetan izan duen egoera latzena kudeatzea egokitu arren zorra %44 jaistea lortu da, herritarrok inolako murrizketarik pairatu gabe. Egoera honetan, udaleko ekonomia egonkortu eta herritarren hitzaren alde benetako apustua egin da denbora osoan, duintasuna, gardentasuna eta konpromisoa lehenetsiz.

Hauteskunde berri hauetarako Bilduk udalerako atera duen zerrendan pertsona konprometituak gaude, gauzak ondo egin nahi izatearen zama daramagun pertsonak.

Mugitzen ez denak ez ditu kateak sentitzen eta gizarteak nekea transmititzen duen garaiotan Azkoitiko Bilduk ilusioa eta lanerako gogoa dakartza, herritarrok aldartea eta konfiantza gal ez ditzagun. Erabakiak behetik gora hartu behar ditugu, hori da benetako demokraziaren funtsa, pertsonen zerbitzura egongo den sistema gauzatzea, eta ez alderantziz. Bideak izan behar du helburua, eta helmugak norabide bat besterik ez. Urrats batek besteari jarraitzen dio eta bide hori egiteko hor duzue Azkoitiko Bildu, borondate on eta lanerako gogoz betetako ekipoarekin.

 

Kepa Alberdi

EH Bilduko hautagaia

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide