Argia aurrezten laguntzeko kanpaina abiatu dute

Maxixatzen.eus 2015ko api. 17a, 15:41

Gipuzkoako foru aldundiak eta Urola erdiko mankomunitateak, Argitu izeneko kanpaina jarri dute martxan, herritarrei etxeetako energia kontsumoa jaisten laguntzeko.

 

Egitasmoa Rubi herrian (Herrialde katalanak) abiatu zuten lehendabizi, eta energia kontsumoa %18 murriztea lortu dute dagoeneko. Orain, Gipuzkoan frogatu nahi dute ekinbidea, eta Aldundiko arduradunek aurreikusi dutenez, egitasmoan parte hartzen dutenek urteko argindarrean %10 aurreztuko dute.

Herritarrek izena eman dezakete dagoeneko kanpainan. Parte hartu nahi dutenek etxeko kaxa elektrikoan neurgailu digital bat jarri behar dute, eta, horrez gain, kontsumo elektrikoaren historikoa kontsultatzeko baimena eman.

Izena emandakoan, teknikari bat jarriko zaie harremanetan, neurgailua etxean jarri eta energia kontsumo ohituren galdetegi bat betetzeko. Jarraian, kontsumo datuak eta hori murrizteko aholkuak jasoko dituzte erabiltzaileek.

Egitasmoan parte hartzeko, hainbat baldintza bete behar da. Hala nola, "konpromiso pertsonala" izan behar dute izena ematen dutenek: "kontsumo energetikoa murrizteko benetako interesa izan behar dute, kostuak murrizteagatik edo ingurumen arrazoiengatik izan". Horrez gain, urtebetean bizitokiz aldatzeko aurreikuspenik ez dute izan behar, eta etxean, telefonoa, mugikorra, tableta edo ordenagailua edukitzeaz gain, Interneterako konexioa ere izan beharko dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide