Udal gobernua: "Geure egingo ditugu galdeketaren emaitzak"

Maxixatzen.eus 2015ko urt. 26a, 16:33

Udal gobernuaren balorazioa

Urrategi Alberdi alkateak, Udal gobernu osoaren izenean, hondakinak biltzeko sistemari buruzko herri galdeketaren balorazioa egin du.

Azkoitian eginiko lehenengo herri galdeketan parte hartu duten herritarrei zorionak eman ondoren, honakoa adierazi du alkateak:

"Hasiera hasieratik esan dugu galdeketaren emaitzak geure egingo genituela eta hala egingo dugu. Datu guztiak Hondakinen Mahaiko jarraipen batzordera eramango ditugu eta hartu beharreko erabakiak bertan hartuko dira".

Haren iritziz, bi urteko herritarren parte hartze prozesuaren emaitza da egungo sistema mistoa, eta emaitzek ere erakutsi dute Udalak markatutako helburuak lortzeko egokia dela: "%80ko birziklatze tasara iritsi gara eta herritarrak ondo ari dira egiten".

Hala ere, azpimarratu du helburua ez dela sistema bera: "Argi daukagu garrantzitsuena emaitzak lortzea dela, Azkoitian %70etik gorako gaikako bilketa tasa izatea, eta hori lortzen duen sistema oro izango da egokia".

Hemendik aurrera, udal gobernuak hondakinen mahaiaren jarraipen batzordea datozen asteetan deituko du. "Baina ezinbestekoa da ezadostasuna erakutsi duten horiek mahai horretan parte hartu eta euren proposamenak egitea", eta horregatik eskatu die alkateak EAJ, PSE eta atez atekoaren kontrako plataformako kideei bertaratu eta proposamenak egiteko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide