Aitor Arruti: Zubi bat Marokorantz-3

Aitor Arruti Rezabal 2014ko urr. 28a, 16:50

Zubi bat Marokorantz-3

KOADERNO BERDEKO POSTALAK-37

Oujda, Maroko, 2009ko urria

Etxetik urruti gara, edonola ere, baina dagoeneko guretzat Med bihurtu den Mohamedek lagun bezala aurkezten gaitu, eta etxekotzat hartu gaituzte nonahi gaur.

Lotatik esnatu berri, Meden iloba txikiak ezagutu ditugu aurrena, eta ondoren herriko taberna batean gosaldu dugu: menda-tea, gurin gozatua, olibak…

Meden aitaren etxera jo dugu gero, hirurogeita hamabost urteko gizon alaia ezagutzera. Patio argitsudun etxean, aita baino askoz gazteagoa den emazteak eskuzabal eta maitekor hartu gaitu. Berealdiko txera erakutsi diote elkarri amaordeak eta Medek, ez dute elkar zenbat estimatzen duten erakusteko lotsarik, aita pozarren begira duten bitartean.

Aitaren etxea utzita, eraikuntza arloan dirututa dabilen lehengusua ezagutu dugu europar kutsuko hotelaren terrazan, europar janzkerarekin jantzitako gizona bera ere.

Lehengusua bazkalordura arte agurtuta, azoka jendetsura joan gara gero. Hara ailegatzean, aitarekin egin dugu topo. Haren koinatua eta biekin hartu dugu beste tea. Zenbatgarrena ote den ez dakigu jada, kontua galdu zaigu honez gero.

Azokan hara eta hona ibili gara, era guztietako estalpeko saltokietan. Medek jantzialdi osoa erosi du azokan, eta geuk ere txukundu bat hartzeko aukera baliatu dugu. Lehenengo aldiz labanaz egin dit bizargin batek bizarra, kale estuko bizartegi urtetsuan, umore eta esku onez.

Handik bazkaltzera joan gara herritik kanpoko jatetxe batera, lehen ezagututako lehengusua, senide bat eta beste lagun batzuekin. Sabela ederki berdinduta, egin berri duten hamam batera joan gara gero. Hiru gela heze dauzka, epela, beroa eta sargori ustela.

Ibilbide hezea bukatutakoan, garbitzeko astindua eman digu masajistak, Mulay Jakoub bainuetxekoa baino leunagoa oraingoan.

Afaldu aurretik, hotel bateko Night Clubean zuzeneko musikarekin tragoak egin ditugu.

El Mamonia izeneko lokalean afaldu dugu ondoren: taxima haragi pikatua eta arkumearekin, isatsari heldutako peskadila eta itsas-oilarra. Ez da haragirik falta leku honetan, ez platerean, eta ez inguruan ere.

 

Aitor Arruti Rezabal

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide