Luis Olano Eduardo Suduperi erantzunez: "Labetik atera berriak"

Maxixatzen.eus 2014ko urr. 22a, 07:10

Iritzia

LABETIK ATERA BERRIAK:

Eduardo Suduperen idatzian planteatutako hainbat gairen inguruan bost ohar.

1.-Hamar urte baino gehiago pasatu dira Azkoitiko talde antimilitarista desegin zenetik. Lore jokoekin eta itzulinguruka jardunda ere, errealitate hori ez da aldatuko. Hortaz, zakarki esateko, Andramaixetako ekitaldian parte hartu zenutenak antimilitarista taldearen kide OHI batzuk izan zineten.

2.-Beste batzuk, taldeko beste kide OHI batzuk, parte hartzearen aurka geunden.”Zenbaitek”, ordea, udalaren proposamena jaso eta parte hartzea erabaki zuten; ondoren, iritzi batzuk eskatu, eta konforme zeudenekin aurrera egin zuten. Parte hartzearen aurkako batzuek, ez denok, ahotsa izan dugu prozesu horretan, eta, dirudienez, horregatik ere eskerrak eman beharrean gaude. Baina, nolabait esateko, botorik ematerik ez dugu izan, eta ezta gure argudioak eztabaida ireki batean defendatzeko modurik ere. Gauzak hola, “medioen bidez eztabaidatzea ekiditeko modu” bakarra  eta oso erosoa genuen: ixiltzea.

3.-Bitxia benetan erabaki hori “halabeharrez” hartu zenutela esatea eta era berean erlatibismo historikoaren bandera altxatzea. Nire kontakizuna ez da “bakarra”, noski, eta ezta neure egungo erabakiak halabeharrezkoak ere, baiezkoaren edo ezezkoaren artean hautatzerik badudanean.

4.-“Bestelako“ kontakizun horiek gustura ikusi, entzun eta irakurriko nituzke. Arazoa zera da: azkeneko urteetako liburu, irratsaio , aldizkari, dokumental, iritzi artikulu eta elkarrizketa koraletan epe historiko zehatz bateko mugimendu antimilitaristaren gaineko ia batere informaziorik ez dela agertzen. Ezabatutako epe hori trantsizioan hasi eta KASek ordura arteko jarrera utzi eta, 180 graduko itzulia emanez, intsumisioaren alde lerrokatu arte luzatzen da, kasualki.

5.-“Nire akats literarioak inork ez ditu hobeto ezagutzen eta zorrotzago epaitzen neuk baino”, aspaldi bota zuen bizarhaundi batek (bizarhaundia, bai, baina ez Bizarduna) eta bizarmotz honek hobeto azaltzerik ez. Horrek ez du esan nahi, hala ere, “hitza desarmatzea”, adibide bezala jarritako esaldietan sumatzen dudan arma bakarra kritikarena delako. Eta kritikarik gabe dagoenarekin konformatzea, goitik datorrenari men egitea eta bakoitzaren jarrera nartzizista aseezinak gizentzea; besterik ez. Uniformizazioa, hierarkia eta obedientzia. Ezaguna, ezta?

Beraz, kritikaren arma hori sarriago eta zorrotzago erabiltzeko aholku emanez agurtzen zaituztet.

Luis Olano Etxabe

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide