Udal gobernuaren 2015eko tasa eta zerga proposamena

Maxixatzen.eus 2014ko urr. 20a, 06:00

Tasak eta zergak

Orokorrean igoerarik gabe aurkeztu du Udal gobernuak 2015eko tasa eta zergetako proposamena.

Urrategi Alberdi alkatearen arabera, "erabaki hori hartzeko honako bi ardatz izan ditugu kontuan: herritarrek bizi duten karga ekonomikoa ahal den neurrian arintzea, eta bestetik, zerbitzu publikoen kostuak arduraz kudeatzea".

Hala ere, zaborren tasa %15 jaistea proposatu dute, "sistema berriari esker, abuztuan hondakinen %74,42 bereiztera iritsi garelako, eta ondorioz, kostuak murriztu egingo direla aurreikusten dugu, besteak beste,Lapatx zabortegira errefusa botatzeagatik ordainduko duguna nabarmen jaitsiko delako".

Horrekin batera, iaz etxebizitza hutsei ezarritako %100eko errekargoaren ingurukoak ere azaldu ditu alkateak. Erroldaren arabera, iaz 760 etxe huts zeuden, baina horietatik 227 salbuetsiak izan ziren errekargu hori ordaintzeko. Beraz, 533 etxebizitzari ezarri zaie errekargua. Errekargo hori ezarrita jasotako dirua alokairu soziala indartzeko erabiliko du Udalak. Hala, etxebizitza hutsak alokairu sozialera bideratzeko diru-laguntzak emango ditu, hiru motatako laguntzak.

Honako helburuak izango dituzte diru-laguntzek;

- Oinarrizko etxebizitza eskubidea bermatzea.

- Hutsik dauden etxebizitzen alokairu soziala bultzatzea.

- Etxebizitzen eraberritzea bultzatu eta herriko ekonomia suspertzea.

Hiru motatako laguntzak izango dira:

- Alokairura ateratzeko beharrezko obrak egiteko diru-laguntzak.

- Efizientzia energetikoa lortzeko diru-laguntzak.

- Obrak egiteatik ordaindu beharreko zergan diru-laguntza. Laguntza horietako bono moduan emango dira, herriko negozio eta dendetan erabiltzeko bonoak. Horrekin herriko merkataritza indartzea ere nahi da.

Laguntza hauek Eusko Jaurlaritzaren Biziguen eta Asap programetara bideratzen diren etxebizitzentzat izango dira.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide