Juan Karlos Merino: "Mintzalaguna"

Juan Karlos Merino 2014ko urr. 20a, 06:32

 

Mintzalaguna

Taberna batean, aspaldiko neska-lagun batekin elkartu nintzen, eta euskaraz egiteko dituen oztopoez mintzo zitzaidan. Berehala ulertu nuen bere atsekabea. Neuk ere horrelako sentipen mingarri horiek noizbait nozitu izan ditut, izan ere.

Esan beharra dago laguna itxia eta lotsatia dela. Urte asko zeramatzan kanpoan, gainera, ikasketak zirela eta. Unibertsitateko jende askok bezala, ikasketak bukatu eta euskara ikasteari ekin zion gogor. Barnetegi batean, egonaldi luze bati esker, bere euskara hobetu eta EGA lortu zuen akaberan.

Ilusio handiz etorri zen jaiotze-herrira, eta lana aurkitu bitartean, euskaraz bizitzea erabaki zuen. Ahalegindu bezain fite ohartu zen barnetegian eskuratutako hizkuntza-maila ez zela aski; hau da, lagun euskaldunekin euskaraz saiatze hutsak lotsa ikaragarria ematen zion, kaleko ezagunak euskaraz aditzean ez zuen tutik entenditzen. Hori guztia, etsipenez beterik kontatu zidan, barnetegi-euskara aratz batez.

Horrelako hamaika adibide kontatu zizkidan. Esaterako, egun batean, erosketak ordaintzean euskaraz egin zion kutxako neskari. Neska harrituta geratu zen; izan ere, biek ezagutzen zuten elkar, ume-umetatik, eta ordura arte ez zion ahotik euskara-hitz bat bera ere irteten aditu.

Noizbait izan behar da lehenengo aldia, ezta?, esan zion nire lagunak. Bada, kutxako neskak ezin izan zuen nolabait egoera berrira moldatu eta gaztelaniari ekin zion, lagunak euskaraz egin arren. Oso kezkatuta etxeratu zen, zein gaizki hitz egin behar ote zuen pentsatuz.

Beste batean, taberna batera sartu eta euskaraz eskatu zuen. Taberna hartan, hamaika aldiz egonda ere, euskaraz eskatzen zuen estreinako aldia zen. Tabernariari, txikitandik ezaguna gainera, graziosoa iruditu zitzaion egoera eta barreari eman zion.

Egia da lagunaren herrian euskaldun berri gutxi dagoela; jendea ez dagoela ohituta, alegia. Laguna oso gaizki sentitu zen, gizonaren irriaz gain, ea karrera bukatua zuen gazteleraz galdetu zioenean.

Larunbat batean auzoko okindegi batera sartu zen. Dendaria euskaldun zaharra zen. Gizonak, gipuzkoarra izanda ere, bizkaieraz egiten zuen, eta lagunak ez zion piperrik ulertu. Estu eta larri, gaztelerara egin zuen salto, elkar ulertu ahal izateko. Okina euskaldun berri batengan horrelako ahaleginak ikusteak poztu zuen antza, baina, batua arrotza zitzaion.

Beste batean, kalean oinez zihoala, bere parean kotxe bat gelditu zen. Autoko gazteek euskaraz galdetu zioten leku jakin batera joateko bidea. Lagunak azaldu zituen toki hartarako zeraman bidearen ipi-apa guztiak. Gazte haietako batek informazio gehiago jakin nahian hitano huts-hutsean bideratu zituen galderak. Laguna urduri jarri, mingaina korapilatu eta leloa balitz bezala sentitu zen.

 

Horretaz konturatu bezain azkar, lasaiago hitz egiten hasi zen gaztea, batuari ongi eutsiz. Lagunak, halatan, berriro askatu zuen mihia, baina akatsez betetako azalpenak emanez. Gauzak horrela, lotsak jota eta gorri-gorri eginda, handik ospa egiteko gogo jasanezina sentitu zuen. Gaztearekin bi minutu inguruan iraun zuen hizketa bi ordu bilakatu zitzaizkion.

 

Komeriak komeri eta trabak traba, nire ustetan, lagunak oso euskara garbia eta ederra du, nirea baino ederragoa, eta, EGAduna izanda, zera pentsatu nuen: ez al da EGA titulua zerbait faltsua, euskaraz bizi nahi duen askorentzat? Edo izaera lotsatia izatea da lagunaren koska bakarra? Beste era batean esanda, zerk egiten du kale Euskararen Irakaskuntzan? Eta nola lagundu euskaldun berriari, bere herriko euskara ulergaitz egin ez dakion?

 

Argi dago, euskaltegira joatea ez dela nahikoa euskaraz bizi nahi duenarentzat. Kalean euskaraz hitz egiteko aukera bermaturik sortzen ez bada, jai dauka. Euskaraz bizitzeko, oinarriko komunitatea izan behar da, bere ateak eta leihoak zabalik dituen komunitatea. Inoiz baino euskaldun berri gehiago dago Euskal Herrian, ate joka ari direnak; beraz, egin diezaiogun harrera onik!.

 

Laguna, oraindik lana aurkitzeke, herriko euskaltegira joaten hasi da. Talde berezi bat osatuko omen dute herri-euskara ikasi eta berba egiteko. Ez dakit euskaltegi guztietan egiten den horrelakorik, baina, pentsatzen jarrita hauxe bururatu zait niri; eta ez dut uste hain ideia txarra denik.

 

Nik ez dakit zenbat euskaldun berri dagoen Azkoitian. Ez dakit ere noren ardura ote den esatera noana, baina tira! Hauxe da: Ea azkoitiarrok!, zergatik ez dugu egiten halako dei edota topaketa zabal bat sortzen, herriko euskaldun berri eta gura duen euskaldun zaharren artean talde oparo eta sendo bat osatzeko asmoz, adin guztietakoez osatua?

 

Bat edo bi orduko aisialdia astegunetan ondo litzateke hasteko. Norberak nahi eta ahal duenean. Baldintza bakarra euskaraz egitea da. Jendea, hots, herritarrak, ezagutzeko era ederra da, nire ustez.

 

Horixe ideia xumea. Baina nola egin jendeak parte hartzeko? Dakidana da, lortzekotan, euskaldun berriari euskaraz bizitzeko benetako aukera bat emango zaiola, haietako batzuk horretaz jabetu ez arren.

 

Aipatu guztia 1992an idatzi nuen Maizpide barnetegian nengoela, idazlan baterako, nire eskarmentuan oinarrituriko gai hura egokitzat hartuko zutelakoan. Urte batzuk beranduago, ene pozerako, Mintzalaguna egitasmoa osatuta zegoen; iparraldean lehenago ezarri zen, hegoaldean geroxeago.

 

Egun, Mitzalaguna egitasmorik gabe Azkoitia herri pobreagoa litzateke. Azkoitiko herrian dagoen hizkuntza ekintzarik ederrenetakoa dugu. Gure ohiko bizimodutik, lagunengandik eta koadrilatik aldentzeak ere on egiten du, gainera; eta sekula espero ez genituen pertsona atseginak ezagutu eta haiekin berba egiteko aukera ahalbideratzen du.

 

Euskaraz bizitzeko eskubidearen aldea jalgi Mintzalagun artera. Zure esku dago.

 

 

Juan Karlos Merino.

Testua:1992-2015

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide