Udalak ikastetxeetako hezkidetza saioak indartu ditu

Maxixatzen.eus 2014ko urr. 15a, 09:57

Hezkidetza umetatik

Aurtengo ikasturtean hezkidetza programa sendotuz, Udalak eskoletako hezkidetzako saio gehiago eskainiko ditu, berdintasunaren balioak ume­-umetatik sustatzen jarraitzeko.

Azkoitian berdintasuna eta harreman gozagarriak lortzeko prozesuak abiatzea eta parte­ hartzeko sareak jostea da hezkidetza programarekin lortu nahi den helburua. Horretarako, hezkidetza, sexuen hezkuntza eta tratu onak landuko dituzte ikasleekin eta eskolen hezkidetza lana indartzeko hainbat baliabide eskainiko dituzte: koordinazioa eta aholkularitza, hezkidetza foroa, irakasleekin transmisio bilerak, hezkidetza egitasmo zehatzak eta abar.

Gainera, hezkidetza egitasmoa eskoletatik kanpora indartzearen apustua egingo dute, eta ahalegin berezia egingo dute ikasleak aktibatzeko.

Hezkidetza programaren barruan gazteentzako sexu aholkularitza zerbitzua ere eskaniko du Udalak, bi astean behin, Elkarguneko Gazte Txokoan. Zerbitzu hori urriaren 10ean hasi zen eta honako egunetan egongo da: urriak 24; azaroak 7, 21; abenduak 5,19; urtarrilak 8, 22; otsailak 5,19; martxoak 5,19; apirilak 17, 24; maiatzak 8, 22; ekainak 5, 19. 16:30etik 19:30era eskaintzen da zerbitzua.

Eta Azkoitia eta Azpeitiaren arteko Hezkidetza Foroa jarriko dute martxan. Azpeitikoa orain dela urte bat martxan ipini arren, aurten Azpeitia­Azkoitia Hezkidetza Foroa izango da. Foro honetan, ikastetxeez gain, gazte zerbitzuek ere parte hartuko dute. Foro honetan hezkidetzarekin zerikusia duten gaiak eta egitasmoak landuko dira, indarkeria, jolasak, materiala, azaroak 25, eta abar.

Hezkidetza programa “Arremanitz Kooperatiba” enpresaren bidez emango ditu Udalak hemendik aurrera, ikasturte honetan eta hurrengoan, enpresa horrek esleipen prozesua gainditu ondoren.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide