Iritzi artikulua: Eduardo Sudupe Luis Olanori erantzunez

Maxixatzen.eus 2014ko ira. 15a, 17:17

Iritzi artikulua erantzunez

ANTIMILITARISMOA (AZKOITIAN), (EGIAZKO) MAPAREN (BIDE ORRI BATEN) ZIRRIBORROA(?)

Uztaileko Maxixatzenez Luis Olano Etxabek irailaren 4an idatzitako iritzi artikuluaren harira.

Ez gogo onez eta ezer justifikatzeko asmorik gabe, frankotiratzailearen posiziotik; plazan, fokoekin hala beharrez.

Irudipena diat, aurretik eraikitako diskurtso bat, lekuz kanpo, denboraz kanpo eta era behartuan publiko egiteko aitzakia eman diagula uztaileko Maxixatzeneko elkarrizketa eta Andremaixetako txupinazoko omenaldi ekitaldiarekin.

Ondoko gakoak kontuan hartuz, hire diskurtsoa berreraikitzeko ariketa proposatu nahiko nike:

  • Uztaileko Maxixatzeneko elkarrizketari dagokionez:

Lehenik eta behin, elkarrizketa bat ez dek iritzi artikulu bat. Gidoi bati emana; bere neurriak, mugak, helburuak dizkik. Are gehiago, korala denean.

Mezulariaren lana ezer baino lehen eskertuz, elkarrizketan bertan ez huan falta izan Gaztetxeari buruzko aipamenik eta erreferentzialtasun aitortzarik.

Hasieratik adostu genian, kontakizun historiko bat ez egitea eta aldi berean epikotasunetatik urrun, “batailitak” ez kontatzea (kontakizunak soldaduskako istorioen trazarik har ez zezan).

Bestalde, ez txupinazo-hasiera gisa, taila egun hura oso egun esanguratsua eta indar sinboliko haundikoa ikusten genian, jakinik udaletxean bertan eskaintzen zitzaiola herriko antimilitarismo mugimenduari ez nolanahiko aitortza.

Testimonio soil bat utzi eta umiltasun osoz, eta ahalik eta zintzoen; enpatia ariketa bat eginez, lehenetsi, zertan izan zitekeen gure antimilitarismo ibilbidearen ondarea, gaurkorako ekarpen, hots; guri dagokigunez, ibilbidean bertan ikasitakoa, jorratutako norbanako eta talde estiloa; eta tresna kolektibo gisa, desobedientzia zibilaren balioa eta gaurkotasuna.

  • Andremaixetako txupinazoko omenaldi ekitaldiari dagokionez:

Ziur aski, gutako askorentzat ez dituk horrelako ekitaldiak oso gustoko, baino hala beharrez, eta batipat esker onez zenbaitek parte hartzea erabaki genian.

Urteurren bat baino gehiago, norbaiten okurrentzia, eta ez bereziki udal gobernuarena, izan zelakoan natxiok.

Gonbidapena zintzoa, aldebikotasunik gabea eta erabiliak izateko arriskurik edota inoren ibilbidea zuritzeko asmorik ez zela egon uste diat. Inozoak suertatzearen arriskuari; aukera berriei, ate berriak irekitzea lehenesten diat. Ez gaituk epe motzeko ikuspegiaz ari.

Udal gobernuak eskainitako eskenatokia, antimilitarismoaren mezu gaurkotua zabaltzeko aukera paregabea huan. Hitzaldia, lekuko.

Bestalde, egungo udal gobernuaren osaera, ez dek kolore bakarrekoa eta bere horretan, gutxienez zalantzazkoa orduko “ezker abertzalearen” oinordekotza, antimilitarismoari dagokionez behinik behin.

Edozein kasutan, era horretako ekitaldiei, norberak bilatu behar zentzua.

Honaino iritsita, heure diskurtsoak eusten badio, mintzeko asmorik gabe, neure gonbita aurrera jarraitzeko; bestela, bota zakarrontzira eta kitto.

Diok, “Herri mugimenduak izaki bizidunak bezalakoak dira. Sortu, hazi, ugaldu, eta hil egiten dira”, eta gehitzen diat nik: eta aldatu, eta sortu, eta sartu, eta irten, eta sartu berriro, eta bildu, eta barrutik, eta kanpotik, eta ikusi, eta hausnartu, eta eztabaidatu, eta partekatu, eta ikasi, eta irakatsi, eta entzun, eta kontrastean hazi, talka noski, eta bildu, eta aukeratu, eta jausi, eta darrai eta altxa, eta ekin, eta segi, eta jarrai, eta utzi, eta darrai, …; baino batez ere aldatu. Baino eta hil?

Giza edota herri mugimenduekiko beste ikuskera bat ere azaldu nahiko nike; errekak bezela ur korronte, non balioen geografia zeharkatuz-higatuz-modelatuz gizartea bera eraldatzea duten helburu. Batzuetan emari gutxirekin, bestetan gehiagorekin; agortuta ere edonorentzat bide orri, sekula ez hilotz. Betiere herri kultura baten oinarriak zizelkatuz.

Eta norbanakoak eta giza taldeak; rol ezberdinak betez (“izen oilo, izen txerri”); balioen mapan, batzuetan jarraitzaile, bestetan bidegile. Olatu egokienaren esperoan ere. Etenik gabe, igurtzian ikasiz eta haziz; munduarekiko (inguruarekiko - ingurukoekiko) ikuskerak, jarrerak, hizkerak, idazkerak, … doituz eta nola halako estilo propioa garatuz. Bizirik, beraz.

Zapalkuntza tresnak diren neurrian, militarismoari, ejertzitoari, indar armatuei, edonolako biolentzia erabiltzeari edota estatuaren aldetik erasoen plangintzei aurre egiten dion ideologia dek antimilitarismoa. Batik bat ejertzitoari eta hori ordezkatu eta sustatzen dituen balioei (xenofobia, sexismoa, homofobia, jerarkizazioa, sumisioa, zapalkuntza, menpekotasuna, gerran amaitzen diren nazionalismoei) aurre egin eta gizartea eraldatzea helburu; demokrazia parte-hartzailearen, elkartasunaren eta norbanakoen artean eta gizartean ezinbestekoa den elkarrizketaren balioak defendatuz.

Herri mugimendu gisa, horiek dituk (besteak beste) nere ustez, antimilitarismoaren jokaleku eta xede.

Zorionez, antimilitarismoa herri mugimendu gisa ez dek gurekin jaio, ezta gure herrian ere. Herriko etxe-zulo bakoitzean egongo dek zer kontatua. Eta zoritxarrez, oraindik ere, bidea eginkizun.

  • Hire iritzi artikuluari helduta,

Publiko bai, eta fokoekin ere bai; baina zeharka, medioen bidez eztabaidatzearena ez diat uste gure estiloa izan denik. Hori ekiditeko modua izanda gainera, erabat harritzen nauk. Erantzun hau salbuespen, ez nauk modu honetan hurrengoan aurkituko.

Izenburuari dagokionez, “zirriborroa” aipatzean, artikuluaren garapenean agertzen ez den halako irekitasun bat, “mapa” osatzen jarraitzeko gonbidapen bat, … antzematen huan; baino ez. Egia bakarra, hirea nunbait; “mapa” ordez, ibilbide bat baino ez.

Estimatzekoa, 1980 eta 1985 urteen artean gertatuarekiko hire kontakizuna, baina urte tarte horretan seguraski bestelako kontakizunik ere egongo huan, aurretik eta ondoren ere bestelako kontakizunik egin zitekeen moduan. Elkarrizketan, ez huan hori gure asmoa, nahiz eta gure artean komentatu bestelako markoren bat beharko zukeela egitekotan, memoria gabeko herri bat bihur ez gintezen.

Hik esanak eta erabilitako estiloa,

”… norbaitek haratustela lurpetik ateratzea …”

“… haragi ustelaren kiratsa bezalako zerbait …”

“… kontakizun pseudo-idiliko batekin garaian zeuden ikuspegi kontrajarriak estaltzea alderdi zehatz baten mesedetan, ezker abertzalearen mesedetan historiaren faltsifikazio interesatu batentzako lan zikina egitea da.”

“… Putreak elikatzeko hilobiak profanatzea bezalakoa…“

“…argialdi zerutiar…”

“… oportunismo partidistaren menpeko morokila …”

“… . Garai haiek bizitako batzuk oraindik hemen gara, eta, zeharo lerdotuta ez gaudenez, …”

“…. Gezurrezko mapa hori osatzeko beharrezkoa zen, …”

Goia jotzen dek Lissagarayren hitzak aipatzean.

Benetan izugarria. Atrebentziaz, aipatu nahiko nike hitza (idazkera) desarmatzearen garrantzia Estilo hau arrotza egiten zaidak, Azkoitiko Talde Antimilitaristako kide gisa ere. Ez diat uste ez Maxixatzeneko elkarrizketak eta ezta Andremaixetako txupinazoko omenaldi ekitaldiak ere hitz jario horri tarterik ematen zionik. Behartua eta erabat oportunista.

Jakingo dik erantzuten Maxixatzeneko elkarrizketan parte hartu genuen bakoitzak eta hik deituriko “ezker abertzaleak”, baino ez nike bukatu nahi ondokoa aipatu aurretik:

Tailaren kontakizunari dagokionean, urtea aipatzean, egitekotan erratu egingo dek eta ez nahastu.

Iraingarria zirudik, inori, bere burua noiz hasi zen garatzen antimilitarista bezela esatea. Bedeinkapenak ematen hastearena ere bai.

1980 eta 1985 urteen artean, eta bai geroago ere, hik deituriko “ezker abertzaleak” harturiko posizioak, hik deituriko “oinordekoen” gaur eguneko jarduna ez dik baliogabetzen; eginiko beren ibilbideaz gain, intsumisioaren estrategian eman zen konfluentzia lekuko.

Ez diat nik inoren ibilbidea kondenatuko eta beren bidea ukatzea eskatuko, aurrera ez egiteko aitzakia moduan; bidea eginda dagoenean. Zoritxarrez, beste batzuk ere ari dituk horretan.

Ez diat uste, omenaldi ekitaldia, herriko talde antimilistari egiten zitzaionik soilik, baizik eta, barrutik edota kanpotik, herrian bertan antimilitarismoak orokorrean egin zuen ibilbideari. Nire aldetik, “koltxoi soziala” deitutakoari (kideak, gurasoak, senideak, lagunak, herritarrak, autoinkulpatuak, …) egiten genion aitortza moduan ikusi nian ekitaldia.

Aldi berean, gordintasunean elkartasunari, baino baita mugimenduaren identitate seinale ziren alaitasuna eta ilusioa partekatzearen balioari ere; herriko festetan.

Egun ederra izan huan.

Ekintzaikpe; hitzak, hutsal

 

 Eduardo Sudupe Aranguren

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide