AITOR ARRUTI: HARREMAN KOMERTZIALAK ETA PERLAK

Aitor Arruti Rezabal 2014ko ira. 2a, 08:47

Udako perlak

KOADERNO BERDEKO POSTALAK-30

Fuente del Gallo hondartzara iristeko eskaileretan, salgai dauzka Gastonek eskuz egindako lepokoak, eskumuturrekoak, belarritakoak eta beste, larruz, metalez eta itsasoko gaiez eginak. Perlak benetakoak direla adierazi digu, Mauro anaia alboan duela, eta nahi badugu horzkada eginez froga dezakegula. Puskatzen ez bada, benetakoa den seinale.

Hitza lokarri hartuta, elkarren berri eman diogu Gaston argentinarrak eta biok argiak bere iturburuak bistara eskaintzen dizkigun hondartzan. Buenos Airesekoak dira, eta udako aldia salmentan ematen dute bertan, urrira arte. Alokairua ordaintzeko eta hozkailua beteta izateko lain irabazten dutela diosku, egunean berrogei euro inguru ateratzen dituztela behintzat. Inguruan bada, nonbait, okerrago dagoenik, zortzi ordu baino gehiagoko lanak eginez.

Hurrengo egunetan ere, elkar ikusitako bakoitzean hitzen bat edo beste egin dugu Gastonekin, elkarri eguneko berriak emanez. Aurten ez dira Argentinara itzuliko, han ere lan berean hiru hilabete ematea ez duelako oraingoz merezi. Urtea bukatzeko Italia aldera joko dute, beharbada. Gure opor egunak bukatuta, gogo onean agurtu dugu elkar.

Gaztelako hiriburu batera iritsi gara, hegoaldetik iparralderako bidean. Panpina jakin bat erosi nahi dugu bertan, baina zenbait dendatan galdetuta, halakorik ez dutela azaldu digute. Halako batean, denda sarrerako atean aurikularra belarrian duen ekialdeko gizona ikusi dugu. Hari ere guk nahi dugun panpinarik ba ote duen galdetu diogu, eta baietz adierazi digu. Zorro bat atera digu, eta bai, huraxe da guk nahi genuena. Zorroa hartuta, dendan zehar hasi gara begira.

Bat-batean, hizketan hasi da dendaria, zakar samar eta nahikoa ozen. Telefonoz ari dela ohartu gara, belarrian duen aurikularra eta bular aurreko gailua erabilita. Ez dakigu zein hizkuntzatan ari den, baina hizketan jarraitu du ordaintzera joan garenean, umore txarrez, petralduta.

Saltzeko hainbat modu daudela iruditu zaigu orduan, puskatzen ez diren perla gezurrezkoak eta benetako perla hauskorrak dauden bezalaxe.

 

Aitor Arruti Rezabal

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide