UDALA HONDAKINAK BILTZEKO SISTEMAREN INGURUKO AZKENEKO KONTUEZ

Maxixatzen.eus 2014ko mai. 28a, 06:40

Prentsaurrekoa

Hara hemen Udalak prentsaurrean emandako mezua, azken egunetan herrian sortutako giroa dela eta, kontuak argitzeko asmoz:

Ezartzera goazen sistema partaidetza prozesu baten ondoren erabakitakoa da. Dakizuenez, orain urtebete, hondakinen mahaia sortu genuen gaiaren ingurukoak hitz egin eta akordioa lortzeko. Mahai hura irekia izen zen, eta herriko alderdi, talde, eragile eta norbanako guztiei egin genien gonbita parte hartzeko. Batzuk batu ziren, eta beste ez parte hartzea erabaki zuten, euren borondatez. Mahai hartan bildutakoek sistema berriak izan beharreko gutxienekoak adostu genituen. %70eko berziklapen tasara iristea, errefusari atea ixtea eta irizpide teknikoen araberako sistema aukeratzea). Eta gogoratu, uztaileko udal plenoan EAJ, Azkoitia Bai eta EH Bilduk guztiok batera onartu genituela sistema berriaren gutxienekoak. Orduan hartutako konpromisoa betetzea eta gauzak ondo egitea guztion ardura da.

 Gutxieneko horiek buruan, bigarren fase batean EAJ, Azkoitia Bai, EH Bildu eta Zero Zabor sistema berria adosteko ahaleginetan ibili gara. Plataformakoei ere egin zitzaien bileretara batzeko deia, baina ez parte hartzea erabaki zuten. Bilera horietan bi printzipio izan ditugu oinarri: aipatuako gutxieneko horiek bermatzen dituen sistema eraginkorrena ezartzea, eta sistema horren inguruan ahalik eta akordio gehien lortzea. Hori buruan, hainbat bilera egin dira, eta azkenean sistema mixto bat jartzea erabaki da. Erdibideko sistema bat aukeratu da, hain justu ahalik eta eragile gehienen babesa izateko: ez da atez ateko bat, orain daukagun sistemari aldaketa txiki bat bakarrik da, eta Atez Atekoaren kontrako plataformak egindako eskari ia guztiak jasotzen ditu.

Gure ateak uneoro egon dira zabalik, eta hala daude; hitz egiteko eta akordioetara iristeko prestutasun guztia izan dugu. Baina beste batzuek itxi dizkigute guri ateak, eta modu oso ezegokian gainera. Ostiralean atez atekoaren aurkako Plataformak antolatutako  bileran hitz egiteko aukera ukatu zitzaigun eta Plataformari dei egin nahi diogu arduraz jokatzera eta modu eraikitzailean parte hartzera hondakinen kudeaketa hobetzeko hasitako prozesuan.

Sistemaren inguruan zabaltzen ari diren hainbat gezurrekin kezkatuta gaude eta argitu egin nahi ditugu, herritarrak informazio osoa eta kontrastatua izan dezaten:

  • Martxan jartzera goazen sistema ez da atez atekoa:  Atez atekoan hondakinen frakzio gehienak atez ate jasotzen dira. Azkoitian martxan jartzera goazen aldaketarekin,  birziklatu eta sailkatu ezin den hondakina da atez ate jasoko den bakarra, astean behin, horretarako proposatuko zintzilikarioetan (Ekarpenak egiteko epea zabalik dago). Gainontzeko hondakinak edukiontzien bitartez aterako dira.
  • Zikina, usaina, arratoiak: atez ate jasoko den hondakinak ez du usairik eta ez du inolako eragozpenik sortzen. Astean behin, ordutegi zehatz batekin aterako da etxe atarira eta goizerako jasota egongo da . Aste osoan hutsik egongo dira zintzilikarioak, astean behin iluntze-gau partean izan ezik.
  • Garestia, tasak igoko dituzte: Sistema berriak udalari aparteko gastua suposatuko diola esaten ari dira: hori gezurra da, eta datuek erakusten dute gauzak ondo eginez gero, merkeago ateratzen dela balantzea. Ez dugu guk esaten, mankomunitateko eta udaleko teknikariek egindako bideragarritasun txosten ekonomikoak erakusten dute hori. Bilketa garestituko bada ere balantzea positiboa izan daiteke. Garestia dena da dena nahasian ateratzea eta zabortegira botatzea.
  • Irizpena eta erabakia juridikoki, teknikoki eta ekonomikoki oinarrituta dago pasatu da dagokion batzordetik eta horrela pasako da Plenotik.
  • Hondakinak biltzeko sistemak oso aldaketa txikia ekarriko du: edukiontzi grisa bakarrik kenduko dugu, eta gainerakoek berdin funtzionatuko dute. Berziklatzen duenari ez dio aparteko lanik ekarriko, eta berziklatzen ez duenak berziklatu egin beharko du. Guztion ardura da hori: gaur egun, berziklatu gabe, astean 5,5 kilo botatzen ditugu pertsonako Lapatxeko zabortegira eta hori jada onartezina da. Aldaketa beharrezkoa da, eta gurean egingo dugun aldaketa txiki horrek merezi duela erakutsi dute datuek. Ormaiztegikoa da horren adibide: guk ezarriko dugun sistema bera ezarri berri dute, eta hilabete batean %36 berziklatzetik %86 berziklatzera iritsi dira. Guk zergatik ez dugu egingo?
  • Aldaketa herritarrentzat ahalik eta erosoena izatea nahi dugu, eta horregatik dozenaka bilera egiten ari gara herritarrekin, merkatariekin, ostalariekin… Informazio eta erraztasun guztiak jarriko ditugu, eta horretarako zabaldu dugu, besteak beste, informazio bulegoa plazan.
Zentzuz, gizalegez, arduraz eta errespetuz jokatu dezagun. Gezurrak eta giroa gaiztotzeak ez du ezertarako balio, eta norbere buruari galdetu beharko genioke zeini egiten dion mesede. Azkoitiari, azkoitiarrei eta ingurumenari ez behintzat.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide