AITOR ARRUTI: ZUBIA HILERRI GAINEAN

Aitor Arruti Rezabal 2014ko urt. 31a, 09:57

Ilunean argi

KOADERNO BERDEKO POSTALAK-17

             Azkoitiko Errebala, 2014ko urtarrilaren 31

             Maite duzun norbait hiltzen zaizunean, urtebete beharko duzu gutxienez zeure onera itzultzeko. Psikologoek diotenez, urtebetez bizi behar da dolua sentimenduen egitura berriz eraikitzen hasteko.

Gaur betetzen da urtea ama hil zitzaigunetik. Denetik bizi izan dut harrez gero, baina irribarrea sentitu ezinik ibili naiz sarri, baita ustez pozik egoteko uneetan ere. Dolua bizitzearen kontuak, esan izan dut neurekiko.

Joan den igandeko bazkalaurrean, giroa ilun zegoen, lainoak beltz, lurrak busti. Mahaia jarri genuen bazkaltzeko, eseri ginen, eta bat-batean eguzki izpiak sartu zitzaizkigun leihotik barrena.

-Erromako zubixe!- esan zuen semeak, eta jaiki egin nintzen ustekabeko ikuskizunaz gozatzera. Hilerriaren gainean ageri zen ostadarra, kolore guztiak agerian. Argazki batzuk atera nizkion bitartean, gure amak bazkaltzerakoan esan ohi zuen esaldia etorri zitzaidan burura, auskalo zergatik: “On egin dezala janak, edanak gaitzik ez, eta isilik dagoenak hitzik ez”.

Jarraian, pentsatu nuen zubiak neke handiz eraikitzen badira ere, batzuetan agertu egiten zaizkigula, elkartu nahiko luketen bi ertz batzera etorrita bezala.

Eta irribarrea loratu zitzaidan ahoan, arnasa sakon hartu nuen, eta pozik itzuli nintzen mahaira.

 

Aitor Arruti Rezabal

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide