ZINETOGRAM ZINEKLUBA: LIBURU AURKEZPENA ETA SOLASALDIA KIESLOWSKIRI BURUZ

Maxixatzen.eus 2013ko abe. 19a, 10:04

Liburu aurkezpena + solasaldia

 

Gaur arratsaldean, hilak 19, Begia amodioaren ehiztari liburua aurkeztuko du Zinetogram zineklubeko jendeak Matadeixen, 19:00etan.

Ondoren, Krzystof Kieslowski zuzendariari buruzko solasaldia izango da Iñaki Lazkano zine kritikariarekin.

Dena borobiltzeko, Zinetogrameko lagunek jana eta edana eskainiko dituzte, giro jatorraren abaroan.

Begia Amodioaren Ehiztari liburuan 2009ko maiatzean Matadeixen Zineaz Jardunean zikloaren baitan izandako hitzaldiak jasotzen dira batez ere. Harkaitz Cano, Andres Gostin, Iosune Muñoz, Aitor Arregi eta Joseba Macias izan  ziren hizlariak, eta zinea izan zuten gogoeta gaia. Liburua Zinetogrameko partaide izandako Juan Luis Zabalaren hitzaurreak irekitzen du liburua. Hona liburuko hizlariak eta hitzaldietako gaiak:

  • Harkaitz Cano: Zinea, telebista eta beste zenbait belar funerario.

  • Andres Gostin: Begi hiltzailea.

  • Iosune Muñoz: Komikiak, Anime eta Filmeak: emakumeak iruditan.

  • Aitor Arregi: Zineforak: sinbologia, metaforak zineman.

  • Joseba Macias: Amerika latina eta Zinea: Hegoaldeko begirada berezia.

Liburuaren erdialdean hizlari bakoitzak hitzaldian erabilitako irudiak daude koloretan, testu labur bat azpian dutela, testuetan aipatzen dena hobeto adierazteko asmoz.

Zinetogram zineklub taldeari buruz gehiago jakiteko, hona bertako kideetako batek, Goretti Orbeak, eman digun azalpena:

Begia Amodioaren Ehiztari Zinetogramen eskutik dator. Zinetogram zineklub taldea 1985ean Azkoitiko gaztetxean sortu zen. Gaztetxea itxi ondoren, naturalki, lekukoa Matadeixe Zinetogram taldeak hartu zuen 2000. urtean. Urte guzti hauetan pelikula asko proiektatu dira Kultur Etxean, Baztartxon, Matadeixen eta herriko leku desberdinetan; proiektatutako formatuak ere aldatuz joan dira 16mm tako proiektoretik hasi eta egungo formatu digitaletaraino. Kartelak, postalak (pelikulari buruzko irudia eta informazioa hartzen dituztenak), diseinua, dokumentazioa eta maketazioa taldeko partaide desberdinen artean egiten ditugu; gaur esku artean dugun liburua ez da horretan salbuespen. Liburu honek lagunartean egindako ibilbide baten lekukoa luzatu nahi du; aterpea eskaini egarriz hurbilduko denarentzat.

Dena hasi zenetik hogeita hamar urtetik gora joan badira ere, Zinetogram egun bizi-bizirik da. Hiru astetik behin herriko zineman pelikulak proiektatzen ditugu, asteazkenero, ziklo desberdinen baitan, Matadeixen pelikulak proiektatzen ditugu eta igande iluntzean pelikula klasikoei ematen diegu argia. Zinetogram.wordpress.com izeneko bloga ere badugu interneten, proiekzio bakoitzaren inguruko informazioa eskura jartzeaz gain animazioak, film laburrak edo proiektatutako zuzendarien beste lan batzuk eskainiz.

Ezin aipatu gabe utzi liburua argitaratzerakoan Azkoitiko Udalak emandako laguntza. Azkenaldian ez da sarritan ikusten erakundeak Kulturari dagozkion arloetan arriskuak hartzea eta gu,  horretan ere,  zorionekoak izan gara.

Zinemari buruz Zinetogramek egindako lehenengo jardunaldien emaitza duzue eskuartean. Aurkezpena borobiltzeko Kieslowskiri buruzko mahai-ingurua antolatu dugu Iñaki Lazkanoren gidaritzapean. Nork daki ez ote dugun hemendik denbora batetara bigarren jardunaldien liburua aurkezterakoan berriro ere topo egingo?