IRENE ELORZA: TXANBOLINK-35

Irene Elortza 2013ko abe. 2a, 06:49

Falta. 1. Falta, eskas. 2. Gabezia.

Antisistemak

Antisistema franko dago Espainian. Gorbata eta alderdiaren siglak janzten dituzte goizero. Res publica euren pribilejioak bermatzeko erabiltzen duten politikari profesionalak; informazioa jasotzeko eta sortzeko eskubidearen izenean gezurra eta boterearen makineria sendotzen laguntzen duten kazetariak; botereen banaketa famatuan sinetsi ez eta legeak boteretsuen nahien arabera sortu eta lotsarik gabe aplikatzen dituzten epaile eta legegile esker onekoak; Errege etxea lokatzaren pare uzten ari den erret familia disfuntzionala; bankuak erreskatatu eta herritarrak kondenatzen dituzten eskularru eta lepo zuridun lapurrak…  Sistemaren kontrakoen zerrenda potoloa da.       

Baina horientzat guztientzat, gizarte justu baten alde lanean ari direnak dira antisistemak. Betidanik hala izan dira ezarritako boterearen kontra daudenak, dela dibortzioaren, drogen legalizazioaren edo abortuaren alde, edota heriotza zigorraren edo desjabetzeen kontra egon. Bitxia da gero “kontserbadore” atzerakoi ustez sistemaren aldeko horiek nola dibortziatu, abortatu eta etxean gozo-gozo drogatzen diren bat ere damurik gabe. Bien bitartean, aktibistak, kazetariak, abokatuak, irakasle eta perroflautak, guztien eskubideen alde lan egiten dutenak kriminalizatu egiten dira. Ahots horiek isilarazteko legeak asmatzen dituzte behin eta berriz; horregatik dira gero eta beharrezkoagoak disidentzia eta subertsioa. Pentsamendu kritikoan oinarritzen diren kontrako ahotsak falta dira. Beti falta izango dira. Enperadoreari biluzik dagoela esaten dioten eztarriak. Egia gordin-gordinean ematen duten ‘harakinak’, Javier Gallegoren modukoak. Sistema eraisteko, iraultzeko eta aldatzeko asmotan sistema berria osatzen ari diren antisistemak.

Ariketa: Definitu sistema.

www.cadenaser.com/carnecruda20/

 

 

Irene Elorza

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide