SAIAKERAKO EUSKADI SARIA, JON SUDUPERENTZAT

Maxixatzen.eus 2013ko urr. 23a, 06:48

Saridun saiakera

 

Jon Sudupe idazle eta irakasle azkoitiarrak irabazi du euskarazko Saiakerako Euskadi saria, Oi, Europa! lanarekin.

Euskal Herria hartu du ardatz bertan, hainbat filosofok Europari buruz duten iritzia jasotzerakoan.

Epaimahaiak aintzat hartu ditu lan horretan gaiaren interesa, garapen luze koherentea, ikerketa eta dokumentazio lan handia, ondo hausnartu eta landua eta ederki moldatua dibulgazio zabalerako, eta idazkera egoki eta naturala nabarmendu ditu.

18.000 euroko saria jasoko du Sudupek, eta saritutako lana beste hizkuntza batean argitaratuko baldin balitz, beste 4.000 euro eskuratuko lituzke.      

Bestalde, aipatu beharra dago Sudupek Miguel de Unamuno XIII. Saiakera Lehiaketa irabazi zuela iaz lan horrekin berarekin, eta beste hainbat sari irabazi dituela lehenagoko saiakerekin: Mikel Zarate saiakera saria eskuratu zuen 1983an Karl Marx. Teoria eta Politika lanarekin, 1990ko Irun Hiria saria Modernitatearen alde lanarekin, 1994ko Pedro Axular saria Ilustrazioaren kriseilupean: Argi berri bila Frankfurten lanarekin eta Irun Hiria saria Muniberen arreba: Euskaltasuna eta Modernitatea , Gutun filosofikoak eta Euskaldunak, liberalak eta komunitatezaleak lanekin.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide