KOADERNO BERDEKO POSTALAK-10: HAWAII ETA KOLONIZATZEAREN USTEZKO ONURAK

         Kailua-Kona, Hawaii

2001eko urria

          Loiu, Frankfurt, Chicago, Los Angeles, Hawaii irletan handiena, Hawaii izenekoa, hain zuzen. Hara hor arratsalde batean abiatu eta hurrengo eguneko gauean bukatu genuen bidaiako geraleku nagusiak, irailaren 11koa gertatu berri, Estatu Batuetako uharte honetara iritsi bitartekoak. Kontrol zorrotzak pasatzerakoan, hirugarren mundutik lehenengora doanak jasan beharreko umiliazioaz gogoratu ginen, zenbat paper, zenbat miaketa, zenbat erradiazio kalteko biziaren jarioa itotzen. Egun bete bidaian emanda, nekatuta bezain gustura onartu genuen azkenean mendebaldarron paradisu honetako bero sapa hezea, hegazkineko eskaileran behera.  

Udazken hasieran, hementxe jokatzen da urtero Triatloiko Ironman probako munduko txapelketa, eta aurtengo udaberrian Joseba koinatuak Lanzaroteko lasterketan hona etortzeko txartela lortu zuenez, lanean baimena eskatu eta etorri egin naiz neu ere, aukerak eskura daudenean hartzeko direla erabakita. Munduaren beste aldean haizeak nondik eta nola jotzen duen ezagutzeak mesede bakarrik egingo didalakoan.

Bidaiaren ondoren atseden apur bat hartuta, bazterrak ezagutzera irten gara bizikletan, eta Lanzaroteko bi lagun ezagutu ditugu. Haiek gidatu gaituzte, egun batzuk lehenagotik etorriak baitira. Carmelo da bietan hiztunena, eta esan digu, Kamehameha erregearen errepiderako bide seinalea ikusi dugunean, bertako hizkuntza, hawaiiera, oso xelebrea dela, xelebrea bezain mugatua: alfabetoak 12 letra bakarrik omen dauzka.

Ez diot kontrarik egin, baino zein da mugatuagoa, esan beharrekoa esateko hamabi letra nahikoa dituena ala beste hainbeste adierazteko letra gehiago behar dituena? Bide nabar, esan liteke azkartxo ahaztu zaiola Carmelori espainolek Kanariar irla izenarekin bataiatutakoetan bizi zirenei eragin zieten sarraskia, ez baitu hurbiltasunik ageri hain antzeko gertaera historikoak bizitako herriak izanda. Ahaztu egin zaio, edo, beharbada, gaitz erdi iruditzen zaio espainolekin bizitzea, latitudez parean dauzkaten afrikarrekin bizitzearen aldean; dirudienez, Europak kolonizatuta Europan nahiago, Europak kolonizatuta Afrikan baino.

Behin hemen egun batzuk emanda, gure harreman sarea zabaldu egin da nabarmen, eta Kailua-Konatik mendi aldera bizi den eibartar bat ezagutu dugu, Joseba koinatuaren herrikoa. Non eta munduaren beste muturrean lan egiten du, laborategi batzuetan zientzialari. Afaltzera gonbidatu gaitu etxera, dagoeneko lagun egin ditugun espainiarrekin batera.

Ederra da etxea, ikusmira bikainekoa, egunerokorako nire iritziz herrigunetik aparte samar baldin badago ere. Jator hartu gaituzte bertan, parrilakoa gustagarri prestatu eta atera digute lorategian, eta mahai luzean giro ederrean aritu gara kontu kontari, lagunarteko komentsalitate jostagarrian.

Afalondoan, jaioterritik hain urrun bizita, herriminik ba ote duen galdetu diogu gure gaurko anfitrioiari. Erantzun digu aspalditik ohitua dela kanpoan bizitzen, eta tarteka Eibarrera egiten dituen bisitak, bertara etortzen zaion etxeko jendea eta internet nahikoa dituela sortzetik ehuntzen joaten diren sustraiak elikatzen jarraitzeko. Jarraian esan du egunero irakurtzen duela Diario Vasco, eta, esate baterako, oso gertutik ari dela jarraitzen euskal eskola publikoan euskara ikastera behartzen dituzten irakasleen afera.

Luze jardun du gai horretaz, luzeegi nire onerako. Lagun dituen irakasle batzuek zenbat sufritu duten adierazi duenean, neure iritzia emateko garaia zela iruditu zait, gaia oso hurbiletik bizi izan baitut. Ezin izan dut eraman Euskal Herrian askotan espainiar kolonialismoaren agente aktibo edo pasibo izan direnak behin eta berriz biktima bezala aurkezten dituen diskurtsoa.

Adierazi diot, gonbidatuak gonbidatzaileari zor dion errespetuarekin hitz egiten saiatuz, nekez izango direla beste inon hizkuntza bat ikasteko EAEn irakasleek dituzten baino baldintza hobeak. Jakina, erabat ordainduta eta beste lanik gabe ikasteak eskatzen du ordainik ere: aurrez ikasteko gaitasuna erakutsi duenak euskara ere ikasi egin behar duela, eta azterketetan egiaztatu. Eta euskaraz ikastea eskatzen ari den Euskal Herrian irakasleek euskara ikasi behar ez badute, ea bada non ikasi behar duten.

Ni neureak esanda lasaiago gelditu naiz, gaiari beste ertzeko ikuspegia azaltzeak lagunarteko iritzia aberastu egingo zuelakoan. Gainera, ez dirudi nire iritziak inor mindu duenik: hainbat hobe horrela. Umore onean jarraitu du tertuliak ordutik aurrera ere, eta, eskaini diguten tarte ederragatik eskerrak emanda, bi egun barru izango den lasterketan elkar ikusiko dugulakoan agur egin diogu elkarri.

 

Aitor Arruti Rezabal

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide