AITOR ARRUTI: KOADERNO BERDEKO POSTALAK-7

Azkoitiko errebala, 2013ko irailaren 1a.

Lantokiko kide batek lasterka apustua egiteko jotako erronkei erantzutea erabaki zuen Lasaoko osaba Joanitok. Anaia Martin lasterkari bizkorra zela jakinik, lankideak famatzen zuen korrikalariari irabaziko zion mutila ezagutzen zuela adierazi zuen. Hori esan eta berehalakoan adostu zuten trabesa: Gabonen bukaera aldera, Urtezahar egunaren inguruan, Zestoatik Iraetara joan-etorria zeinek lehenago.

Lasterketa eguna iritsita, Joanitoren lagun batek, apustuetan eskarmentuduna izaki, ahariari ematen zizkion pastillak gomendatu zizkion osaba Martini, eta, badaezpada ere, hartu egin zituen Martinek.

Irteera eman orduko, jo eta jo ekin zioten bi saltakariek, ziztu bizian. Hasi eta berehalaxe, bete egin zen Martin, eta, hala ere, Iraetan jarritako gizonari buelta ematean parez pare ziren biak. Betealdiari buelta ematen hasi zen, ordea, Martin, eta sarrera gogorra jo zuen. Bakarrik gelditu zen orduan, eta Zestoara aurrena iritsi.

Handik egun gutxira jokatzen zen Zestoan bertan Errege eguneko lasterketa famatua, eta han ere irtetea erabaki zuen Martinek. Oraingoan ahari-pastillarik batere gabe, ahoa lehortu besterik ez ziotela egin iritzita. Irten eta berehala bete-bete egin zen lasaotarra, eta azkena gelditu. Dena dela, gorputza bere onera etorri zitzaion, eta jendea harrapatu orduko atzean uzten hasi zen, oraintxe bata, geroxeago bestea.

Baina aurrenekoa oso urruti zihoan ordurako, eta ikaragarrizko sarrera jo beharra zuen hura harrapatzeko. Halaxe egitea erabaki zuen, eta, bukatzeko metro gutxiren faltan, haren hanketara sartu zen Martin. Helmugako zuzenean, ito beharreko txanpa estua jokatu zuten biek, eta Martinek irabazi zuen.

Lasaon eman zioten garaikurra, herriko neska pinpirin batek eman zion lore sorta, eta baita bi muxu ezti ere. Izan zitekeen Errege egunik ederrena izan zuen orduan osaba Martinek, ustekabeko opari eta guzti.

Bizitasun gozoz betetako begiek gidatzen zuten osabaren kontaketa iloboi orduko kontuak kontatzen zizkigunean, korrikarako hankak bezain bizia baitzuen hizketarako grazia ere. Makina bat algara, barre eta irribarre eragin izan digu osaba Martinek, bai ohiko hizketa jostariz, baita hurbileko umorearekin kantatutako bertsoz ere.

Gaur goizean hil da Zestoako zaharren egoitzan, goizeko bederatziak inguruan. Arnasa bera ere neke zitzaion azkenaldian, ibili ezinda zegoen joan den azaroan jasan zuen iktusaren ondoren, etsiak jota zebilela esan liteke harrez gero.

Aspaldi honetan bisita egitekoa nintzen, baina ez naiz garaiz iritsi. Hitz hauek balio izatea nahiko nuke eman nahiko nizukeen besarkadaren ordezko bezala.

Aitor Arruti Rezabal

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide