IRENE ELORZA: TXANBOLINK_30

Irene Elortza 2013ko ira. 3a, 11:31

Lepo. Asko.

Hamar urte nituen. Uda bukatzen ari omen zen baina eskolara bueltatzeko falta zen denbora

eternitatea zen niretzat. Ostiral goiz hartan esnatu eta ohetik jaiki nintzenean inor ez nuen ikusi

etxe barruan. Arraroa zen, etxean zazpi izateaz gain Pasaiako familia ere gurekin baitzegoen festa

ondorengo oporraldia gurekin igarotzen. Balkoira irten, eta han ikusi nituen guztiak, barandatik

beheruntz begira. Kanarietan erositako transistore txiki bat zintzilik jarria zuten adreiluzko paretan

eta albisteak entzuten ari ziren. “Inundazixuk!”, esan zidaten. “Uholdeak”, zioten behin eta berriz

irratian. Uste dut orduantxe ikasi nuela hitza. 1983ko abuztuaren 26a zen. Egun euritsu eta grisa.

Gure kalea ibai bihurtuta ageri zen nire begien aurrean. Ibai marroia eta haserretua. Adarrak,

trasteak eta identifikatu ezineko gauzak abiadan pasatzen ziren gure etxe azpitik. Ezin genuen

etxetik atera. Atzeko balkoira joan, eta Urola ere marroia eta inoiz baino basatiagoa ikusi nuen,

aurreko erreka inprobisatua baino indartsuagoa zela erakutsi nahian bezala. Bat-batean, etxeko

denak aztoratu ziren, eta zarata metaliko bat entzuten hasi nintzen. “Beittu, beittu, surtidorie!!”,

Ibaiondo kalearen beste puntan dagoen gasolindegiko hornigailua ziztu bizian pasa zen gure etxe

azpitik auskalo nora bidean. Urak hartuta zegoen dena, gure garajeak, Pajeneko biltokia, Usulaneko

autobusen garajea, Iruretaneko aroztegia…

Ordutik aurrerako egunak lanean pasa genituen. Izeben Kale Nagusiko denda lokatzez beteta zegoen

eta hustu eta garbitu beharra zegoen. Goitik zetorren errekatik eta atzeko Urola ibaitik sartu zitzaien

ura. Inguruko dendak eta tabernak ere berdin zeuden: Epi, Santikua, Ayestaran…  Jabeak, lagunak,

senideak, denak lanean ari ziren; palak, erratzak eta ontziak eskuetan, uretako botak jantzita eta ahal

zena salbatzeko ahaleginean guztiak. Nekeak ahituta ailegatzen ginen etxera, eta dendetan aurkitu

ahal zena jaten genuen afaritarako. Urik eta argindarrik gabe bizitzea nolakoa den ere ikasi nuen

orduan. Baina geratu zaidan oroitzapenik iraunkorrena lokatzaren eta hezetasunaren usainarena

izango da seguruenez.

Galera handiak izan ziren inguruan, baina hildakorik ez gure herrian, gaitz erdi. Gauza lepo joan ziren

urarekin batera. Harrezkero askotan galdetu diot neure buruari horrelako hondamendiren bat berriro

gertatu  eta etxetik zerbait salbatzeko denbora izanez gero, zer hartuko nukeen. Argazkien albumak,

ordenagailua, dokumentu garrantzitsuak akaso, pragmatiko jokatuta; edo anaiaren liburu kuttunena,

disko pare bat, elefante baten forma duen harri astuna, praktikotasunari batere erreparatu gabe

arituz gero… Ziurrenik une hori ailegatu arte ezin da jakin zerk duen benetako garrantzia guretzat

hemen eta orain. Eta 30 urte atzera eginez, zer salbatuko luke hamar urteko neska ipurterre harek?

24 koloreko Plastidecor kaxa, Madelman panpina, indioen itxurako alezko apaingarriak zituen

soineko zuria, Cegasa linterna potoloa…? Zein ote ziren nire gauzarik gustukoenak?

http://vimeo.com/9563182

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide