JUAN KARLOS MERINO: "KINIMA" ipuina

Juan Karlos Merino 2013ko eka. 26a, 00:00

Aizarnazabal, 2012ko uztailaren 12a.

Kinima maitea,

Hitz batzuk idaztea egokia iruditu zait gure bigarren urteurrena ospatzeko.

Biharko espresuki antolatu dudan bazkari erromantikoan irakurriko dizut

gutun hau, eta espero dut, bihotzez, zure gustukoa izatea.

Dena dut pentsatua, Kinima. Goizean goiz gosaldu eta elkarrekin

dutxatuko gara. Gero, gelan, laket dudan barne-arropa finez jantziko

zaitut. Segidan, elkar ezagutu genuen egunean zeneraman soineko urdina aterako

dut armairutik. Ondoren, ispilu aurrean, asko apaintzen duen karminez

margotuko dizkizut ezpainak. Eta, betazalak, ondo ematen dizun urdinez

margotuko dizkizut. Akaberan, adatsa orraztuko dizut, ileek urre-distirak

islatu arte.

Itsaski-entsalada, piperrada eta marrubi limoi erara izango da menua.

Getariko txakolinaz beteko dut kopa, eta trago bat hartuz kontatzen hasiko

naiz arropa-dendako erakusleihoan ikusi zintudanekoa; nola zu ikusi eta

berehala maitemindu nintzen; nola, harrez geroztik, beste pertsona bat

izan naizen: alaiagoa, zoriontsuagoa, askeagoa.

Esaten den bezala, atzoko eguna izango balitz bezala gogoan dut arrats

hura, maitea. Nola azaldu orain sentimenduzko sumendi hura? Bat-bateko

bultzakada batek aitzinatu ninduen denda barrura, eta erotzat hartu

ninduen denda-jabearekin salneurria luze negoziatu ondoren, zu jaso eta

etxera eraman zintudan.

Azken boladan beroa egiten duenez, balkoia zabalik bazkalduko dugula

erabaki dut, kostako haizetxoak freska gaitzan. Biok badakigu, ordea,

aurreko etxekoak leihoetara irtengo direla aurki, eta, guri begira,

marmarka eta txutxu-mutxuka arituko direla.

Tira, berdin dio, maitea. Gainera, nazkatu naiz gure artekoa ezkutatzeaz

herri miko itxi honetan. Bihartik aurrera ez gara gehiago gure burua

ezkutatzen ibiliko; ez horixe! Buruan sartu behar dugu horiek ezin dutela

gure maitasuna ikusi, itsuek eguargia ikusterik ez duten bezala. Gure

artekoak, Kinima, ez dio inori kalterik egiten, gainera. Besteena bezain

ederra da gure amodioa, besteena bezain garbia, osasuntsua eta askea.

Oso garbi daukat ondoan zaitudanetik  nire depresio-aldiak amaitu direla.

Bihotzez leituko dizut, Kinima, gure maitasuna ez dela gehienena

baino ahulagoa, faltsuagoa, edo zuriagoa. Asko jota, gehienena bezain

inperfektua izango da. Egia da, bai, zu manikia zarela, plastikozkoa, eta

ni gizakia, hezur eta larruzkoa. Baina, hori da leporatzen diguten bekatu

bakarra. Eta gogotik saiatu da trufatzen herri txiki madarikatu hau,

bizitzan besterik ez balego bezala.

Bai, maite zaitut, Kinima. Eta ene bihotzeko itxaropenaz ele hauek idaztea

erabaki dut gure bigarren urteurrena ospatzeaz gain, amets baten berri

eman nahi izateko.

Bihotzez eta arimaz leituko dizut joan den gau batean izan nuen ametsa.

Amets ederra, benetan; bizitzan izan dudan ederrena, beharbada. Zuri ere,

maitea, biziki gustatuko zaizulakoan nago. Hauxe da:

Amets egin nuen, Pinotxori bezala, maitagarria agertu zitzaigula gurean,

eta zu haragizko bihurtu zintuela.

Zin dagizut, Kinima, egunen batean amets hori egia bihurtuko dela.

Elkarrekin betiko,

Zure maitemindua.

Alain Amestoi

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide