Gure aita-amen esanetara bizi ginen toki hartan, basoaren erdian, muino ezkutu batean, bizimodu gorrian, zergatik eta etsaiak gero eta gertuago zeudelako. Baina nik geroxeago jakin nuen hura.

Eraikuntza hura gure zaharren zaharrek eraiki omen zuten, eta gu etorri aurretik utzita zegoen. Garbitu, berritu, atondu egin genuen urtebeteren buruan. Eta ordurako, egia esateko, pozik bizi ginen berton.

Baina, bost urte besterik ez nituela, inguruko herrietatik albiste txarrak iristen ziren neurrian, gure zaharrak sutondoan bildu eta aho batez erabaki zuten baserritik alde egitea. Ondoren, ondasun apurrak lurperatu, ardiak trukatu eta gure baserria hutsik utzita abiatu ginen mendietarantz.

Gogoan dut astoen gainean lanabesak, txerriak eta ahuntzak zeramatzatela, tristura handiz. Gu, anai-arrebok, lehengusu-lehengusinok txikiegiak ginen hura ulertzeko. Makal eta luze egin zen bidaia, gainera.

Gizonak tematu egiten ziren lurrean utzitako gure arrastoak ezabatzeko ahaleginetan. Tartean behin gelditu eta haien zain egon behar izaten genuen, izan ere, arinago gindoazen gu haiek beharra egin baino. Guretzat, aldiz, hura jolasgarria zen.

-Nora goaz, amatxo? –galdetu zuen lehengusina nagusiak

-Baserri zaharrera.

-Zergatik, ama? –ez zuen erantzunik.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide